Mundua -
AEB
Amazonek eta Metak milioi bana dolar emango dituzte Trumpen inbestidurarako
Hilabete hasieran, Trumpek esan zuen "abantailak" eskainiko zizkiela milioi bat dolarretik gorako inbestidura batzordeko emaile handiei.
agentziak | EITB MEDIA
Amazon eta Meta erraldoi teknologikoek milioi bana dolar emango dituzte Donald Trump AEBetako presidente hautatuaren inbestidurarako, The Wall Street Journal egunkariaren arabera.
Amazonek, diru horretaz gain, zuzenean emango du ekitaldia Prime Video bidez; ekintza horren balorazioa beste milioi bat dolarrekoa da, Journal egunkariak dioenez.
Metak, bestalde, milioi bat eman dio dagoeneko inbestidura ekitaldia antolatzeko funtsari.
Hilabete hasieran, Trumpek esan zuen "abantailak" eskainiko zizkiela milioi bat dolarretik gorako inbestidura batzordeko emaile handiei. Abantaila horiek dira, besteak beste, Gobernuko kide izango direnekin egingo diren ekitaldietan parte hartzea.
Trumpek aspalditik kritikatu ditu AEBetako teknologiko handiak, baina hauteskundeak irabazi ostean, enpresa horietako exekutibo nagusiek zorion-mezuak argitaratu zituzten, eta ondo moldatzeko nahia adierazi zuten.
Amazonen kasuan, Trumpek Jeff Bezos fundatzailea kritikatu du, batez ere Washington Post egunkariaren jabe izateagatik, baina enpresaburua duela gutxi egindako promesen alde agertu da.
Besteak beste, Trump duela bi aste Mark Zuckerbergekin (Meta) izan zen, ostegunean Sundar Pichairekin (Alphabet) eta datorren astean Bezosekin, CNBCri esan zionez.