Mundua -
Siriako erregimenaren erorketa
Indar islamisten garaipenak 6,8 milioi errefuxiaturi Siriara itzultzea ahalbidetu diezaieke
Siriakoa da mundu osoko errefuxiatu krisirik handiena, 14 milioi pertsona baino gehiago baitaude etxetik kanpo. Horietatik 7,2 milioi barne-desplazatuak dira eta 6,8 milioi errefuxiatu, eta azken horietatik 5,5 milioi inguruko estatuetan bizi dira.
EITB Media
Aliantza islamiar-jihadistaren garaipenak eta Baxar al-Assaden erregimenaren erorketak ziurgabetasun politikoa utzi dute Sirian, arlo sozialean baita ere, eta gaur egun 6,8 milioi errefuxiatu siriarrek gertutik jarraitzen dutena. 2011n, Udaberri Arabiarreko protesten ondoren piztutako gerrak eragindako exodo baten biktimak dira guztiak.
Mikel Ayestaran EITBren berriemaileak baieztatu duenez, milaka errefuxiatu dagoeneko Siriara itzultzen ari dira. Masnaan (Siria eta Libano arteko mugan), Ayestaran siriarren joan-etorri etengabearen lekuko izaten ari da.
Filippo Grandi Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi komisarioak (ACNUR) ohartarazi duenez, Siriak "bakearen eta gerraren, askatasunaren eta anarkiaren, oparotasunaren eta miseriaren arteko bidegurutze bat du aurrean". Errefuxiatuentzat, bide bikoitz horrek "aberriratzea" eta "erbesteratzearen jarraipena" bereiztea behar du.
"Dena trantsizio baketsu baten mende dago, siriar guztien bizitza eta nahiak errespetatuko dituen trantsizio baten menpe", azpimarratu du Grandik, eta gaineratu NBEren beste goi-kargudun batzuek eta tokian bertan lan egiten duten erakunde humanitarioek antzeko kezka dutela.
Siriakoa da mundu osoko errefuxiatu krisirik handiena, 14 milioi pertsona baino gehiago baitaude etxetik kanpo. Horietatik 7,2 milioi barne desplazatuak dira eta 6,8 milioi errefuxiatu, eta azken horietako 5,5 milioi inguruko estatuetan bizi dira, Turkian, Libanon, Jordanian, Iraken eta Egipton.
Europan, aldiz, Alemania da siriar errefuxiatu gehien hartzen dituen herrialdea —850.000 errefuxiatu baino gehiago—, nahiz eta asilo eskaera berrien etorkizuna kolokan egon. Zentzu horretan, Alemaniako Migrazio eta Errefuxiatuen Bulegoaren bozeramaile batek DPA albiste-agentziari baieztatu dionez, Al-Assaden erorketaren ostean eskaeren azterketa geldiaraziko dute.
ACNURen baldintza beti da errefuxiatuen itzulera borondatezkoa eta segurua izatea, eta oraingoz ez dirudi hori argi dagoenik. Siriako zenbait eremu kontrolatzeko borrokaldiek bere horretan jarraitzen dute, eta herritarren % 70 inguruk laguntza humanitarioa behar dute, hamar pertsonatik bederatzi pobrezian bizi diren herrialde batean.
Gainera, errefuxiatu guztiek ez dute beharrizan berdinak. Horrela, % 5 baino ez dira errefuxiatu-eremuetan bizi, eta % 92k landa- edo hiri-asentamenduak aukeratu dituzte, baldintzak ez baitira beti errazak. Izan ere, ACNURen arabera, errefuxiatu siriarren % 70 baino gehiago txiroak dira.