Mundua -

Gaza, erasopean

Gutxienez 7 lagun hil ditu Israelek Gaza iparraldeko eskola baten aurka egindako erasoan

Gaza hiriaren inguruko Shatiko kanpamentutik ihesi joandako ehunka errefuxiatu bizi dira eskola horretan. 'Filastin' egunkari palestinarraren arabera, biktimen artean Mayed Sale Herri Lan eta Etxebizitza Ministerioko burua dago.

Israelek larunbatean eraso zuen eskolako irudi bat. EFE
Israelek larunbatean eraso zuen eskolako irudi bat. EFE
Israelek larunbatean eraso zuen eskolako irudi bat. EFE

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez zazpi pertsona hil eta beste hainbat zauritu dituzte igande honetan Israelek Gaza iparraldeko eskola baten aurka egindako erasoan. Kafr Qasim eskolan, Shatiko errefuxiatuen kanpamentutik lekualdatutako ehunka gazatar bizi dira. 

Filastin egunkari palestinarraren arabera, biktimen artean Mayed Sale Herri Lan eta Etxebizitza Ministerioko zuzendari nagusia dago.

Kafr Qasim eskola ez dago Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) zentroen sarean.

Mahmud Basal Gazako Defentsa Zibileko bozeramailearen arabera, zentroan ehunka palestinar daude.

Israelgo Armadak onartu egin du erasoa, eta, azpiegitura zibilei erasotzen dieten guztietan bezala, Hamaseko miliziano talde baten aurkako erasoa izan dela esan du, eta zibilei egindako kaltea "gutxitzeko" neurriak hartu dituela. Aldi berean, eraikin horiek babesleku gisa erabilita "gehiegikeriaz" aritzea leporatu dio talde islamistari.

Israelgo indarrek Gaza hiriburuko eskola gune bat bonbardatu eta 24 ordura etorri da eraso hori. Larunbateko erasoan, 22 pertsona hil zituen, 13 haur eta sei emakume tartean, eta hogeita hamar bat zauritu ziren. 

Ohikoa da Israelek lekualdatuak jasotzen dituzten eskolen aurkako erasoak egitea, Hamaseko kideen ezkutalekuak direla argudiatuta. Guztira 500 hezkuntza zentrori baino gehiagori eraso die Israelek urritik.

Enklabeko biztanle gehienak, ia bi milioi pertsona, kanpin-dendetan edo gainezka dauden eskoletan bizi dira, eta ez dute apenas ur korronterik, elektrizitaterik edo higiene-produkturik.

Gazako Osasun Ministerioak ohartarazi duenez, Zerrendako zentro mediko guztietako sorgailuek 10 egunen buruan utziko diote funtzionatzeari, erregai eta pieza faltagatik.

"Interesa duten nazioarteko erakundeei eta erakunde humanitario guztiei eskatzen diegu erregaia, iragazkiak eta sorgailuentzako ordezko piezak ekartzea ahalbidetzeko ahal bezain lasterren", adierazi du ohar baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina