Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelgo Armadak 40 palestinar hil eta 60tik gora zauritu ditu Gazan, gune humanitario baten aurkako erasoan

Israelgo Armadak Gaza hegoaldean, kostatik gertu, dagoen gune humanitarioaren kontra egin izan du lehen ere. Iragan uztaileko erasoan, 90 pertsona hil zituen.

Khan Yuniseko gune humanitarioa (Gaza), gaur. Argazkia: EFE
Khan Yuniseko gune humanitarioa (Gaza), gaur. Argazkia: EFE
Khan Yuniseko gune humanitarioa (Gaza), gaur. Argazkia: EFE

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak Gazaren aurka eraso egiten jarraitzen du, eta bart gutxienez 40 pertsona hil eta 60 baino gehiago zauritu ditu, Khan Yunisetik gertu dagoen gune humanitario baten kontra misilak jaurtita. Shehab albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera, "familia osoak desagertu dira".

Gerra-hegazkinekin egindako erasoa justifikatu du Israelgo Armadak, gune humanitario horretan Hamaseko kideak gordeta zeudela argudiatuta. Hamasek, ordea, gezurtatu egin du informazio hori, Telegramen zabaldutako komunikatu batean.

Ez da Israelgo Armadak Gaza hegoaldeako gune humanitarioaren kontra egiten duen lehen aldia. Pasa den uztailean, Israelgo Armadak 90 pertsona hil zituen eremu seguru izendatutako Mawasi inguruan. Israelek, ondoren, esan zuen Mohammed Deif Hamaseko adar armatuko burua hiltzea zela helburua.

Mawasi ingurua, Khan Yunis (Gaza hegoaldean) eta Deir al Balah (erdialdean) eremu seguru izendatu zituen Israelgo Armadak. Hala ere, apurka-apurka perimetro hori murriztuz joan da, miliazanoak bertan ezkutatzen direla argudiatuta.

Gazako herritarren % 90 desplazatuta daude, eta gehienak gune humanitarioetako kanpalekuetan pilatuta bizi dira, apenas argindarrik eta urik gabe. 

NBEko Giza Gaietarako Bulegoaren arabera, milioi bat pertsonak baino gehiagok ez zuten janari-erraziorik jaso, abuztuan, Gaza erdialdean eta hegoaldean. Arrazoia Gazan sartzen den laguntza humanitarioa murriztu izana dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Palestina Benjamin Netanyahu