Mundua -

Gaza, erasopean

Israelgo herritarrek greba orokorra egin dute Netanyahuri Hamasekin su-etena negoziatu dezala eskatzeko

Mobilizazaioa deitu duen Histradut erakundeak Gobernua bultzatu nahi du bahituak askatu ditzaten. Bere aldetik, Israelgo Finantza ministroak gogor hitz egin du ez dutela “onartuko langileak helburu politikoak lortzeko arma gisa erabiltzea” esanez.

Protesta Tel Aviven. Argazkia: EFE
Protesta Tel Aviven.
Greba orokorra Israelen, bahituak askatzeko balioko lukeen akordioa behartzeko

0:33

Agencias | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek greba orokorra egin du Gobernuari presioa egiteko, Hamasekin akordio batera irits dadin Gazan bahituta dauden israeldarrak askatzeko, Histadrut sindikatu nagusiak deituta.

Hainbat barrutitako garraio eta zerbitzu medikoetan nabarmena izan da lanuzte orokorra, eta hainbat establezimendu eta negoziok deialdiarekin bat egin dute eta itxi egin dute.

Israelgo aireportuak eta errepide eta kale asko blokeatuta egon dira astelehen honetan, lehen ordutik. Goizeko 8:00etatik (7:00ak Euskal Herrian) ez da hegazkinik aireratu Tel Aviveko Ben Gurion Nazioarteko Aireportutik. Era berean, Israelgo hedabideek jakinarazi dute dozenaka pertsonak errepideak eta kaleak blokeatu dituztela herri askotan. Unibertsitateek eta bankuek ere bat egin dute protestekin, eta ospitaleak asteburuetako ordutegi murriztuarekin ari dira lanean. 18:00etan amaituko dute protesta. Deitzaileen arabera, ehunka herritar ari dira parte hartzen lanuztean eta, esan dutenez, herrialdean egiten ari diren protestak jendetsuak ari dira izaten.

Histadrut sindikatuak 800.000 afiliatu baino gehiago ditu. Baina, horrez gainera, herrialdeko 200 enpresa handienak biltzen dituen Israelgo Enpresa Foroak ere babesa eman dio grebari.

Tel Aviven, milaka pertsona manifestatu dira Israelgo banderekin eta bahitutako pertsonen argazkiekin. Benjamin Netanyahu lehen ministroari eskatu diote su-etena adosteko Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduarekin, bahituta geratzen diren 101 pertsonak libre gera daitezen.

Israelgo Finantza ministroak, Bezalel Smotrich ultraeskuindarrak, gogor kritikatu du greba, eta ziurtatu du ez duela onartuko "herrialdea iraultzea eta langileak arma gisa erabiltzea helburu politikoetan aurrerapausoak lortzeko". X sare sozialean argitaratutako ohar batean jakinarazi zuenez, protestekin bat egiten zuten langile publikoei soldatak ez ordaintzeko agindua eman zion Altxorrari.

Mobilizazioa 18:00etan (17:00ak, Euskal Herrian) amaitzea aurreikusita zuen sindikatuak, baina Tel Aviveko auzitegi batek greba 14:30ean (bertako orduan) amaitzea agindu du.

Smotrickek berehala txalotu du erabakia. "Auzitegiak gure jarrera onartu du eta Histadruten greba politikoa eta legez kanpokoa dela erabaki du", esan du. Ministroak gaineratu duenez, "ezinezkoa da Israelgo ekonomia kaltetzea eta Hamasen interesen alde egitea".

Protesta Tel Aviven. Argazkia: EFE

Larunbatean, Israelek Gazako hegoaldean egindako operazio batean sei bahitu hilik aurkitu zituzten. Israelek adierazi zuen pertsona horiek Hamasek exekutatu zituela. Talde islamistak, bere aldetik, Israelek eremuan egindako bonbardaketetako batean hil zirela esan du.

Sei heriotzek bahituen familien eta israeldar askoren haserrea areagotu zuten eta Benhamin Netanyahuren aurkako protesta ugari izan dira asteburu osoan Israelen.

Greba orokorrerako deialdia egin zuenean, Histadruteko presidenteak, Arnon Bar-Davidek, bahituak askatzea "une honetan garrantzitsuena" dela azpimarratu zuen. Bere hitzetan, akordioa "arrazoi politikoengatik" blokeatuta dago, Netanyahuren aurka egindako kritikei erreferentzia eginez. Izan ere, askoren ustez, lehen ministroa Gazan su-etena lortzeko negoziazioak etengabe oztopatzen ari dira, gobernukideak (ultraeskuindarrak eta ultraortodoxoak) asetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina