Mundua -
'Sumin ostirala'
Mahomaren filmak piztutako istiluak zabalduta, hildakoak gora doaz
Hiru lagun hil eta 28 zauritu dira AEBek Tunezen duten enbaxadan. Sudanen ere beste hiru pertsona hil dira.
Erredakzioa
Milaka musulman irten dira ostiral honetan hainbat herrialdeetako kaleetara, Mahomaren inguruko pelikularen kontra protesta egiteko.
''Sumin ostirala'' deitu dute gaurko, eta Ekialde Urruneko, Erdialdeko Asiako, Ekialde Erdiko eta Afrikako zenbait herrialdetan AEBetako enbaxaden kontra erasoa egin dute. Gutxienez, zazpi lagun hil dira istiluetan.
Atzo Yemenen izan ziren protestarik larrienak, eta 4 lagun hil eta 44 zauritu ziren. Gaur, manifestazioak eta istiluak zabaldu egin dira, eta erasoak egon dira Sudanen, Yemenen, Tunezen eta Egipton, besteak beste. Segurtasun indarren esku-hartzea beharrezkoa izan da.
Tunezen, hiru lagun hil dira eta beste 28 pertsona zauritu dira AEBek duten enbaxadaren kontra egin duten erasoan. Sudanen ere hiru manifestari hil dira, eta Libanon, berriz, pertsona bat hil da.