Mundua -
Zigorrak kolonoei
EBk eta AEBk kolono israeldarrak zigortu dituzte Zisjordanian palestinarren kontrako erasoak egiteagatik
Palestinarren kontrako erasoetan parte hartu duten erakunde eta pertsonak zigortu dituzte. Europar Batasunak zigortutakoen kasuan, zigor ekonomikoez gain, EBra sartzea debekatuko zaie.
Agentziak | EITB Media
Europako Kontseiluak argi berdea eman die Zisjordanian palestinarren aurkako indarkeria-ekintzen erantzule diren kolono israeldarren aurkako lehen zigorrei, zehazki, lau pertsona eta bi erakunderen kontrakoei. Egun berean, izaera bereko zigorrak ezartzea erabaki du AEBko Administrazioak Zisjordaniako istiluetan eta erasoetan inplikatutako bi kolonoren alde dirua biltzen ari ziren bi erakunde israeldarren aurka. Pertsona horietako bat, Yinon Levi, Europak zigortuetako bat da.
Europar Batasunak "palestinarren giza eskubideen urraketa larrien eta tortura eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien erantzule" jo ditu, eta Zisjordaniako palestinarren jabetzarako eta bizitza pribatu eta familiarrerako eskubidea urratzea egotzi die.
Zigortutako erakundeak Lehava (eskuineko muturreko talde judu supremazista) eta Hilltop Youth (Zisjordaniako palestinarren eta haien herrixken aurkako indarkeriazko ekintzengatik ezagun diren kideek osatutako gazte talde erradikala) dira. Hain zuzen ere, zigortutako pertsonetako bi, Meir Ettinger eta Elisha Yered, azken talde horretako kideak dira, eta 2015ean eta 2023an palestinarren aurka egin ziren eraso hilgarrietan inplikatuta egon ziren biak.
Gaur zerrenda beltzean sartu dituztenen artean daude, halaber, Neria Ben Pazi, 2021etik Wadi Seeq eta Deir Jarir herrietan palestinarrei behin eta berriz erasotzeagatik akusatua, eta Yinon Levi, Mitarim legez kanpoko kokagunean bizi denetik inguruko herrien aurkako indarkeriazko ekintza ugaritan parte hartu duena.
Gaur gehitutakoekin, Giza Eskubideen arloko EBko zehapenen erregimen orokorraren neurri murriztaileak 108 pertsona fisiko eta juridikori eta hainbat herrialdetako 28 erakunderi aplikatzen zaizkie.
Zigorrak ekonomikoak izango dira, aktiboak izoztu egingo zaizkie eta ezingo zaizkie aktiboak edo haien onurarako funtsak edo baliabide ekonomikoak eman, ez zuzenean ez zeharka. Gainera, zerrendan sartutako pertsonak ezingo dira EBn sartu.
AEBk Israelgo erakundeak zigortu ditu indarkeriagatik
Era berean, AEBk zigorrak ezarri dizkiete, ostiral honetan, Zisjordanian izandako istiluetan eta erasoetan parte hartu zuten bi kolonoren alde dirua biltzen ari ziren Israelgo bi erakunderi.
Erakunde horiek, zehazki, laguntza materiala eta finantzarioa ematen zuten, eta Yinon Levirentzat (EBk zigortua hori ere) eta David Chai Chasdairentzat dirua biltzeko kanpainak egiten zituzten. AEBko Administrazioak aurretik "jabetzak suntsitzearen, zibilen aurkako erasoen eta palestinarren aurkako indarkeriaren erantzule" gisa zigortu zituen bi horiek "muturreko indarkeriagatik", AEBko Altxorraren Departamentuaren arabera.
"Ekintza horiek Zisjordaniako bakea, segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen dituzte. Gure tresnak erabiltzen jarraituko dugu erantzuleek egindakoa ordaindu arte", adierazi du Wally Adeyemo Altxorraren idazkariordeak ohar batean.
Zigortutako bi erakundeek, Mount Hebron Fund (Levirentzat) eta Shlom Asiraich (Chasdairentzat), 131.000 eta 29.000 euro bildu zituzten, hurrenez hurren, kanpainak Internetetik kendu eta funtsak tokiko finantza-erakundeek atxiki aurretik.
AEBko agintarien arabera, bi gaizkileek "Zisjordaniako herritarren artean beldurra sortzen" saiatu ziren, "zibilei eraso eginez, beren etxeak utzi ezean bortizki mehatxatuz, zelaiak errez eta jabetzak suntsituz".
Gainera, AEBko agintariek Ben-Zion Gopstein ere zigortu dute, Palestinako zibilen aurkako erasoak eta indarkeria ekintzak egin dituen erakunde baten sortzaile eta buruzagia.
AEBko Administrazioak hartutako neurrien ondorioz, bere lurraldean dauden aktiboak izoztu egin dizkiete zigortutako pertsonei, eta zigortuak tartean diren edozein transakzio debekatu dituzte, estatubatuarrek edo AEBn egindakoak.