Mundua -
Assange auziaren harian
Gerra diplomatikoa AEB eta Ekuador artean, askatasun adierazpenagatik
Obamaren Gobernuak asilo politikoa eman dio Rafael Correa presidentearekin oso kritikoa den kazetari bati, Ekuadorrek Julian Assangeri asiloa eman eta egun batzuetara.
Erredakzioa
Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak ziurtatu egin du Emilio Palacio kazetaria "nahi duenean itzul daitekeela". Palacio El Universo egunkariko Iritzi sekzioko arduraduna da eta AEBek asilo politikoa eman diote.
"Emilio Palacio nahi duenean itzul daiteke Ekuadorrera. (Iskanbila hau) beste asmakeria bat baino ez da", esan du Correak bere Twitterrean.
Marco Albuja Ekuadorreko Kanpo Arazoetako ministrordeak ere Palacioren kontrako atxiloketa-agindurik izatea ezeztatu du. Quiton, bestalde, AEBek asiloaren izapideekin hasteko zain daude.
Palaciok, berriz, Twitterren esan du Washingtonek emandako asiloak "askatasunari eta demokraziari babes morala" ematen diola.
Polemikaren hasiera
Arazoaren hasiera 2011n izan zen, Palaciok argitaratutako artikulu batean. Ekuadorreko kazetariak zibilez betetako ospitale baten kontra "tiro egiteko agindua ematea" leporatu zion Correari, 2010eko iraileko matxinadetan.
Presidenteari kritika gogorrak egin dizkiote oposizioak eta zenbait hedabidek, askatasun adierazpenarekin lotutako arazoetan neurri ezberdinak erabiltzeagatik: alde batetik, Julian Assange Wikileakseko sortzaileari asiloa eman dio, baina, bestetik, Ekuadorreko hedabideetan ez du disidentziarik onartzen.