Mundua -
77 lagun hil ziren
Norvegiako atentatuengatik 21 urteko zigorra ezarri diote Breiviki
Osloko epaitegiak luza daitekeen 21 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Anders Breiviki 2011an 77 lagun hil ziren atentatuen erantzulea izatea leporatuta.
Erredakzioa
Anders Breivik ultraeskuindarra "zentzuduna" dela ebatzi du ostegun honetan Osloko epaitegi batek. Ondorioz, luza daitekeen 21 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Breiviki 2011ko uztailaren 22an 77 lagun hil ziren atentatuen erantzulea izatea leporatuta.
"Erabakia ahoz batez hartu dugu", esan du Elizabetg Arntzen epaileak ebazpena irakurri duenean. Breiviki, 33 urtekoa, homizidio eta terrorismoarekin lotutako delituak eta 77 lagunen heriotza egotzi dizkiote. Breivikek lehergailu bat jarri zuen auto batean Oslon eta, ondoren, beste hainbat lagun hil zituen Utoyako uhartean izandako tiroketan.
Breivik Ila kartzelan espetxeratuko dute, Osloko kanpoaldean. Litekeena da 21 urteko espetxe-zigorra luzatzea, oraindik gizartearentzat arriskua suposatzen dela ondorioztatzen baldin badute.
Biktimen senitartekoek eta bizirik atera zirenek Breivik 'zentzundun"tzat jotzea eskatu zuten. Hau lortu ezean, Breiviki ezarritako espetxe-zigorra txikiagoa izango litzateke.
Halaber, "zentzudun"tzat jotzea eskatu zuen Breivikek berak ere. Honen buruko osasuna aztertu zuten hainbat adituk txosten kontraesankorrak zabaldu zituzten.
Bigarren Mundu Gerratik izandako tragediarik handiena bizi zuen iaz Norvegiak. Breivikek "beharrak bultzatuta" jokatu zuela nabarmendu zuen. Atentatu hauetan zortzi lagun hil ziren ibilgailu batean kokatutako lehergailu batek eztanda egin ostean, eta beste 69 Utoyan izandako tiroketan.
Breivikek barkamena eskatu du jende gehiago hil ez izanagatik
Anders Behring Breivik Osloko eta Utoyako (Norvegia) sarraskien egileak ez dio jaramonik egin 21 urteko kartzela-zigorrari, eta barkamena eskatu die "militante nazionalistei" jende gehiago hil ez izanagatik.