Mundua -

Kuban

Kubako Fiskaltzak 7 urteko zigorra eskatu du Carromerorentzat

Atxilotua egon den bitartean, Carromerok istripuaren bertsio ofiziala baieztatu du, kubatar autoritateek grabatutako bideo baten bitartez.

Angel Carromero, PPko buruzagi gaztea. Argazkia: Efe
Angel Carromero, PPko buruzagi gaztea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kubako Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Angel Carromero politikari espainiarrarentzat, Oswaldo Paya eta Harold Cepero disidenteak hil ziren auto istripua gertatu zenean berak gidatzen zuela onartu ostean.

Kasuaren instrukzio aldia bukatuta, uharteko ministerio publikoak Carromero Alderdi Popularreko Belaunaldi Berrietako buruzagiaren aurkako akusazio formala aurkeztu du. Bitartean, espainiarra Habanako kartzela batean dago epaiketa noiz egingo zain.

Behin akusazio idazkia aurkeztuta, hurrengo pausoa Habanatik 750 kilometro ekialdera dagoen Bayamo hirian egingo den bistaren data zehaztea izango litzateke, ziurrenik abuztu bukaerarako edo irail hasierarako, Efek kontsultatutako iturrien arabera.

Uztailaren 22an 60 urteko Oswaldo Paya Kristau Askapen Mugimenduaren buruzagia eta Harold Cepero, 31 urtekoa eta kubatar talde bereko kidea, auto istripu batean hil ziren Bayamo hiriaren inguruan, zihoazen autoak zuhaitz baten aurka talka egin zuenean.

Carromerok bertsio ofiziala onartu du

Kubatar bertsio ofizialaren arabera, gehiegizko abiadurak eta gidariaren beste akats batzuek eragin zuten istripua. Errepidean lanak egiten ari ziren, baina kontuz ibiltzeko bide-seinaleak jarrita zeuden.

Atxilotua egon den bitartean, Carromerok istripuaren bertsio ofiziala baieztatu du kubatar autoritateek grabatutako bideo baten bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea