Mundua -

Gaza erasopean

Israelek 17 pertsona hil ditu UNRWAren eskola baten eta haur-ospitale baten kontra egindako bonbardaketetan

Bestalde, Israelgo indarrek hainbat sorgailu elektriko suntsitu dituzte, besteak beste, Al Wafa ospitalekoa, eta bizitegi-eraikinetako eta Umezurtzentzako Al Amal Institutuko eguzki-plakak bonbardatu dituzte, Salamah Maruf Gazako Gobernuko bozeramaileak salatu duenez.

Gizon bat suntsitutako eraikin baten hondakinetan, biktima bila. EFE
Gizon bat suntsitutako eraikin baten hondakinetan, biktima bila. EFE
Gizon bat suntsitutako eraikin baten hondakinetan, biktima bila. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek haur-ospitale baten eta gerraren ondorioz desplazatutako milaka zibil babesten zituen eskola baten kontrako erasoak egin ditu larunbat honetan Gazako Zerrendaren iparraldean. Gutxienez 17 pertsona hil eta 70 baino gehiago zauritu dira.

"Israelen okupazioak gaur goizean Al Fakhoura eskolan egindako sarraskiak 15 hildako eta 70 zauritu utzi ditu", eta Israelgo indarrek Al Nasr haur-ospitaleko atean egindako beste eraso batek "bi hildako eta zauritu asko" eragin ditu, Gazako Ministerioak salatu duenez.

Gazako Zerrendaren iparraldean, Beit Lahia eta Jabalia inguruko 4.500 bat palestinar Al Fakhoura eskolan (UNRWA Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatu palestinarrentzat atondutako aterpea) zeuden babestuta eraikina bonbardatu dutenean, Gazako iturrien arabera.

"Hondakinen azpian geratu zen neska batek zera galdetu zien erreskatatu zuten paramedikoei: Hilerrira eramango naute?", Gazako Osasun Ministerioko bozeramaile baten esanetan.

Bestalde, Israelgo indarrek hainbat sorgailu elektriko suntsitu dituzte, Al Wafa ospitalekoa tartean, baita Umezurtzentzako Al Amal Institutuko eguzki-plakak ere, Salamah Maruf Gazako Gobernuaren bozeramaileak salatu duenez.

Atzo, berriz, anbulantzien konboi bat bonbardatu zuen Israelek, Gazako Shifa ospitaletik gertu, eta 15 hildako eta 60 zauritu eragin zituen. Erasoa justifikatu zuen, "Hamaseko zelula terrorista bat" anbulantzia horietako bat erabiltzen ari zela argudiatuta, baina ez zuen horren frogarik eman.

Gazako osasun agintariek "krimentzat" jo dituzte gertakariak, eta Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, berriz, "izututa" dagoela esan du.

Su-etenaren presioa

Urriaren 7an, Israelek gerra deklaratu zion Hamasi, talde islamistak Israelen erasoaldi masibo bat egin ondoren: 1.400 hildako (gehienak zibilak), 5.400 zauritu eta 241 bahitu utzi zituen Gazan.

Ordutik, Israelgo Armadak etengabe bonbardatzen du enklabea, eta, duela astebete, Gaza hirira (Zerrendako hiri nagusia) lurrez iristeko operatiboa hasi zuen.

Israelek ia 9.500 pertsona hil (gehienak haurrak eta emakumeak) eta 24.000 baino gehiago zauritu ditu bonbardaketetan, eta 1,5 milioi pertsona lekualdatzera behartu ditu. Gazako herritarren bizi-baldintzak bereziki gogorrak dira ospitaleak kolapsatuta daudelako eta edateko uraren, elikagaien, botiken, elektrizitatearen eta erregaiaren eskasia larria dagoelako.

"Israelek 105 osasun-zentrori eraso die nahita, eta zerbitzutik kanpo utzi ditu 16 ospitale eta lehen mailako arretako 32 zentro", salatu du Gazako Osasun Ministerioak. Eraso horietan, 150 osasun-langile hil eta 27 anbulantzia suntsitu dituztela zehaztu du.

Testuinguru honetan, gero eta gehiago dira nazioartean su-eten humanitarioa eskatzen duten ahotsak.

Antony Blinken AEBko Estatu idazkaria hirugarren aldiz joan zen atzo Israelera, su-etena lortzeko helburuz, baina Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren ezezkoa jaso zuen.

Zaurituak ebakuatu

Material, pertsonal eta elektrizitate eskasiak zauritu eta gaixo askoren egoera larriagotu du. Hori dela eta, Egiptok Gazako Zerrendan duen muga tarteka irekitzeko baimena eman du pazienteak ebakuatzeko, baita atzerritarrak ateratzeko eta laguntza humanitarioa emateko ere.

Gaur ere Rafahko mugako pasabide hori irekitzea espero zen, zaurituak ebakuatzeko, eta Israelgo Armadak iragarri du Zerrendaren hegoalderantz doazen zibilei igarotzen utziko diela hiru orduz.

"Israelgo Defentsa Indarrek Salah al Din errepidetik igarotzen utziko dute gaur 13:00ak eta 16:00ak bitartean. Zure segurtasunagatik, aprobetxatu une hori hegoalderantz joateko, Wadi baino haratago", esan du Avichay Adraee Israelgo Armadaren bozeramaileak X sare sozialean (lehen Twitter zena).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Umeak Ekialde Hurbila