Mundua -
ISRAEL-HAMAS GERRA
Hamasek bahituak askatu arte Gazan argindarrik eta urik ez dela egongo ohartarazi du Israelek
Bestalde, Hamasek 97 pertsona bahituta dituela baieztatu du Israelgo Armadak. EFE agentziak aipatutako Hamaseko kide baten arabera, oraindik goizegi da bahituen askapenari buruz hitz egiteko.
EITB Media
Israelek ohartarazpen argia egin dio gaur Hamasi: bahituak askatu arte ez da argindarrik eta urik egongo Gazan. Atzotik Gazan argindarrik gabe daude, bertako zentral elektrikoa erregairik gabe geratu baita.
"Giza laguntza Gazara? Ez da argindarrik, edateko urik eta erregairik egongo Israelen bahitutako pertsonak etxera itzuli arte", baieztatu du Israel Katz Israelgo Energia ministroak X sare sozialean zabaldutako mezuan. Halaber, azpimarratu du inork ezin diola moraltasuna irakatsi Israeli.
Bestalde, Hamasek bahitutako pertsonak 97 direla baieztatu du gaur goizean Daniel Hagari Israelgo Armadaren bozeramaileak.
Gaineratu duenez, larunbatean Hamasen eta Israelen arteko gerra hasi zenetik borrokan hildako 222 soldaduren familiak jakinaren gainean jarri dituzte. Hala ere, Israelen hildako 1.300 pertsona horien artean soldadu gehiago egon daitezkeela uste dute.
Gazan, bien bitartean, Israelen bonbardaketek eragindako hildakoak 1.537 dira, Osasun Ministerioaren datuen arabera. Gainera, 6.612 zauritu daude. Israelek okupatutako Zisjordanian, 31 palestinar hil dituzte.
"Goizegi" askapenerako, Hamasen arabera
EFE agentziak aipatutako Hamaseko kide baten arabera, oraindik "goizegi da" bahituen askapenari buruz hitz egiteko, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen duen bitartean.
"Goizegi da presoen auziari buruz hitz egiteko, aurretik erasoa gelditu gabe", esan dio Osama Abu Khaled islamistak EFE agentziari. Era berean, Hamas "alderdi interesatu guztiekin harremanetan" dagoela ziurtatu du, "erasoa gelditzeko".
Agentziak aipatu duenez, Hamasek "premiazko laguntza azkarra" ematea eskatu die erakunde humanitarioei, baina korridore humanitario bat irekitzea errefusatu du, gazatarren "desplazamendua inposatzea" helburu duela iritzita.