Mundua -
Ukrainako Gerra
Gutxienez 51 hil dira Kharkiv eskualdean Errusiak egindako eraso batean
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berriro laguntza eskatu die Europako herrialdeei. Egunotan Granadan egiten ari diren Europako Erkidego Politikoa izenekoaren goi-bileran izan du erasoaren berri buruzagi ukrainarrak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 51 hil dira Ukrainako Kharkiv eskualdean Errusiak gaur egindako eraso batean. Biktimen artean hainbat adin txikiko daude, Ukrainako Gobernuko iturriek zabaldutako datuen arabera.
Oleg Sinegubov Kharkiveko gobernadoreak jakinarazi du Kupiansk hiriko kafetegi eta janari-denda baten kontra jaurti dituztela misilak, 13:15 inguruan. "Etsaiak beste bidegabekeria bat egin du Kharkiven. Zibil ugari zeuden bertan", salatu du.
Egunotan Granadan egiten ari diren Europako Erkidego Politikoa izenekoaren goi-bileran izan du erasoaren berri Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. "Nahita egindako terrorismo ekintza" bat izan dela esan du, eta Errusia babesten ari diren guztiak kriminaltzat jo ditu. "Errusiaren alde daudenak gaizkiaren alde daude. Errusiak hau eta antzeko eraso genozidak behar ditu, munduaren aurrean bere arauak zeintzuk diren azaltzeko", salatu du.
Beste behin, laguntza eskatu die Europako herrialdeei Zelenskik, eta bereziki, Errusiaren erasoei aurre egiteko Ukrainak armak behar dituela nabarmendu du.