Mundua -
Mehatxu terroristagatik
Etxean dira dagoeneko Aljeriatik aberriratu dituzten 12 kooperanteak
Mendebaldeko Saharako Gobernuak kooperante hauen aberriratzea deitoratu du Tindufeko kanpalekuetan dauden milaka errefuxiatuengan eragin negatiboa izango duelakoan.
Erredakzioa
Aljeriako Tindufeko kanpalekuetan lan egiten zeuden 12 kooperante espainiarrak etxean dira jada, Madrilgo Torrejon de Ardoz basera igande honetako lehen orduetan iritsi ostean.
Kanpo Arazo eta Kooperazio Ministerioak 12 kooperante hauen borondatezko erbesteratze-prozesua hasi zuen larunbat honetan. Izan ere, Gobernuak "segurtasun falta" areagotuko delako "zantzuak" ditu, baita terroristek atzerritarrei eraso egiteko asmoa duela ere.
Saharako kanpalekuetatik atera den kooperante-taldean 12 espainiar, bi frantziar eta italiar bat daude. Gainera, beste bi kooperante, espainiar bat eta Peruko beste bat, ostiralean bueltatu ziren euren kabuz.
Errefuxiatuen alde lan egin
Mendebaldeko Saharako Gobernuak kooperanteen aberriratzea deitoratu du Tindufeko kanpalekuetan dauden milaka errefuxiatuengan eragin negatiboa izango duelakoan.
"Mendebaldeko Saharako Errepublikaren Gobernuak erabakia deitoratu du, Saharako errefuxiatuengan eragin negatiboak izango dituelako", esan du Mohamed Salem Uld Salek Mendebaldeko Saharako Atzerri Gaietarako ministroak ohar baten bidez "Autodeterminazioa lortzeko erreferenduma eta gatazkaren irtenbide demokratikoaren zain daude errefuxiatuak", gaineratu du.
Mehatxu terrorista Malin
Garcia-Margalloren arabera, Maliko ezegonkortasun politikoak iparraldea "terroristen plataforma" bihurtu du, hortik zabaltzen baitira herrialdeko gainontzeko lekuetara.
Horren harian, duela gutxi askatutako bi kooperante espainiarrak Malin bahituta izan zituztela azpimarratu du.
Sahararren aldeko taldeak
Tindufeko kanpalekuetan, Algerian, kooperanteak dituzten Espainiako elkarte nagusiek komunikatu bat atera dute Gobernuaren erabakiaren kontra daudela adierazteko. Izan ere, elkarteen arabera, kooperanteak aberriratzea terroristen "xantaiaren aurrean amore ematea" da.
"Munduko herri horietan bizi duten arriskua ez da aitzakia nahikoa amore emateko eta hamarka mila errefuxiatu abandonatzeko. Errefuxiatuen bizitza kooperanteen presentziaren eta lanaren mende baitago, erabat", esan dute komunikatuaren sinatzaileek.