Mundua -
POLEMIKA ERRESUMA BATUAN
100 ikastetxe itxita daudela hasi da ikasturtea Ingalaterran, erortzeko arriskua izan dezaketelako
Uda honetan ohikoa baino hormigoi arinagoz eraikitako habe bat erori ondoren, ikastetxe gehiagotan ere horrelakorik ba ote dagoen aztertzen ari dira. Oposizioak gardentasun falta leporatu dio Gobernuari eta Gillian Keegan Hezkuntza ministroak agerraldia egingo du astelehenean Komunen Ganberan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erresuma Batuko Gobernuak Ingalaterrako ehun ikastetxe baino gehiago guztiz edo partzialki ixteko agindua eman du ikasturtea hasi eta egun batzuetara, eta horrek agintarien aurkako kritika oldea eragin du. Agintariek, baina, salbuespenezko neurriak defendatu dituzte, erortzeko arriskua egon daitekeelako.
Uda honetan ohikoa baino hormigoi arinago batez eraikitako habe bat erori da eskola batean, eta horrek informazio-kaosa ekarri du. Polemika argitzeko asmoz, Gillian Keegan Hezkuntza ministroak agerraldia egingo du astelehenean Komunen Ganberan.
Keeganek igande honetan The Sun egunkarian argitaratutako artikulu batean argudiatu duenez, "ez zegoen beste aukerarik", eta hitzeman du Gobernuak buru-belarri lan egingo duela dena "egun gutxi barru" konponduta egon dadin. "Familiei esan nahi diet ez direla eskola-itxieren garai beltzetara itzuliko", esan du, pandemiari erreferentzia eginez.
Gobernuak ez du zabaldu hormigoi hori izan dezaketen ikastetxeen zerrenda, eta, horren ondorioz, laboristak mekanismo parlamentario batera jotzea pentsatzen ari dira, Gobernuak dokumentu ofizialak zabal ditzan.
Autoklabean ondutako hormigoi zelularra (RAAC, ingelesezko sigletan) 90eko hamarkadaren erdialdera arte erabilitako ohiko hormigoia baino material arinagoa da. Gobernuak oraindik ez du argitu instalazio publiko gehiago dauden kaltetuta, ezta osasun-zentroetan eta auzitegietan ere erabili den material hori.
Hunt Osasun ministro ohiak adierazi du berari ez ziotela ospitaleetan horren erabileraren berri eman. Hala ere, arrisku-zantzurik balego, agintariek "egin beharreakoa" egingo dutela nabarmendu du.