Mundua -

Granma probintzian

Oswaldo Paya disidente kubatarra auto istripu baten ondorioz hil da

Hildakoaren alboan Angel Carromero politikari espainiarra eta Aron Modig suediarra zeuden. Gertuko iturrien arabera biak daude salbu.

Oswaldo Payak Habanan duen etxera hurbildutako lagun eta senitartekoak. Argazkia Efe
Oswaldo Payak Habanan duen etxera hurbildutako lagun eta senitartekoak. Argazkia Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kubatar disidentziaren ikur nagusienetarikoa den Oswaldo Paya hil egin da, igande honetan uhartearen hego-ekialdean dagoen Granma probintzian gertatutako auto istripu baten ondorioz. Dirudienez, Payarekin batera zihoan beste pertsona bat hil da, eta beste bi zaurituak izan dira, Elizardo Sanchez Kubako Giza Eskubideen eta Nazio Adiskidetzearen aldeko Batzordearen (CCDHRN) presidenteak azaldu duenez.

Istripua igandean gertatu zen, arratsaldeko hirurak aldera (21:00ak Espainian), Paya eta berarekin zihoazen beste hiru pertsonak Habanatik Granma probintziako Bayamo hirirako bidaia egiten ari zirenean.

Varela Proiektua bultzatu ostean, Paya kubatar disidentziaren buru bihurtu zen. Varela Proiektuak trantsizio demokratiko baten inguruko erreferenduma egiteko proposamena egin zuen, baina 2002. urtean Parlamentuak proposamena baztertu zuten. Fidel Castrok, garai hartako presidenteak, galdeketa bera kargutik botatzeko konplota zela esan zuen.

Urte bereko urrian, Europar Parlamentuak Giza Eskubideen eta Pentsamendu Askatasunaren Andrei Sajarov saria eman zion, "Karibeko uhartean demokraziaren aldeko borroka baketsuaren alde eginiko lanarengatik". Horrez gain, bost aldiz izendatu dute Bakearen Nobel Saria irabazteko.

Beste hildako bat eta bi zauritu

Payaz gain, bere alboan zihoan beste pertsona bat hil da. Bigarren biktima hori Harold Cepera kubatarra izan daiteke, Yoani Sanchez blogariak Twitter bidez azaldu duenez.

Hildako biekin batera, Angel Carromero politikari espainiarra eta Aron Modig suediarra zeuden. Carromero Madrilgo PPko Belaunaldi Berrien idazkariordea eta hiriburu horretako Udaleko kontseilari teknikoa da. Pablo Casado Belaunaldi Berrietako kideak azaldu duenez, biak daude salbu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea