AEB-ko Hauteskundeak -
HAUTESKUNDEAK SAREAN
Aplikazio batek hautesleek Facebook bidez izena ematea ahalbidetuko du
Washington estatua izango da hautesleei Facebook sare sozialaren bitartez izena emateko aukera eskainiko dien lehena.
N.GONZALEZ
Washingtoneko estatua izango da hautesleei, azaroko hauteskundeetara begira, Facebook bitartez izena emateko aukera eskainiko dien lehena. MyVote (nire botoa)aplikazioa Facebookek eta Microsoftek Washingtoneko estatuarekin batera egindako elkarlanetik jaio da. Estatuak 3,7 miloi hautesle ditu erregistratuta.
Aplikazioa jaitsi eta erabiltzea aukeratzen duten erabiltzaileek euren informazio pertsonala ikusteko baimena emango diote sare sozialari, izena eta jaiotza-data barne. Erabiltzaileak bere nortasun agiriaren edo gidabaimenaren zenbakia gaineratu beharko du, izena emateko unean estatuko datu basean euren datuak egiaztatzeko.
Shane Hamlinek, estatuan hauteskundeen ardura duen zuzendarietako batek, argitu duenez, datuak Washingtoneko estatuak biltzen ditu, eta ez Facebookek. Modu horretan, Facebookek hautesleen boto-erregistroaren datu pertsonalak bilduko ez dituela azaldu du.
Hamlinek aplikazioa gazteek soilik erabiltzeko egin ez dutela gaineratu du. Estatuko hauteskundeen zuzendariaren ustez, sortutako aplikazioa erreminta ona da hautesleentzat. Aplikazioak, besteak beste, euren informazio pertsonala berritzeko edota hautagaien inguruko informazioa biltzen dituzten gidak ikusteko aukera emango die Washington bizi diren boto-emaileei.