Mundua -
Krisi politikoa
Parlamentua berrezartzeko agindu du Mursi Egiptoko presidenteak
Bitartean, Egiptoko Armadako buruek premiazko bilera deitu dute presidente berriaren azken erabakia aztertzeko. Gainera, Auzitegi Konstituzionala ere bihar bilduko dela iragarri dute.
Erredakzioa
Ekainean Batzorde Militarrak Parlamentua desegin ostean, Behe Ganbera berriro ezartzeko agindu du Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak, Mena albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
Bestalde, Indar Armatuen Batzorde Gorenak premiazko bilera deitu du igande honetan presidente berriaren erabaki hau aztertzeko.
Mursik agindutako dekretuak Indar Armatuen Batzorde Gorenak ekainaren 15ean egindako ebazpena baliogabetu du. Gainera, Parlamentuak Konstituzio berria onartu eta 60 egunetara, hauteskunde berriak deituko dituztela iragarri du Mursik.
Batzorde Militarrak bertan behera utzi zuen Parlamentua (Anai Musulmanen Askatasuna eta Justizia Alderdiaren kontrolpean zegoen), ekainaren 14an Auzitegi Konstituzional Gorenak azken hauteskundeak baliogabetu ostean, irregulartasunak izan zirela argudiatuta. Ondorioz, militarren buruek bere gain hartu zuten botere legegilea, Parlamentu berria osatu bitartean, baina Anai Musulmanek kritikatu egin zuten erabaki hori.
'Ordu gutxi barru'
Saad al Katatni Herri-Batzordeko presidenteak iragarri duenez, Parlamentua "ordu gutxi barru" hasiko da berriro lanean. "Hurrengo saioan, Herri-Batzordeak botere legegilea berreskuratuko du, Konstituzioa eta Legea errespetatuta", adierazi du Katatnik.
Auzitegi Konstituzionala
Egiptoko Auzitegi Konstituzionalak, bere aldetik, premiazko bilera bat deitu du biharko, presidentearen erabakia aztertzeko. Tarek Shebl epaileak, Auzitegi Konstituzionaleko Batzar Nagusiko kideak, Al Ahram Egiptoko kazetari azaldu dionez, "Mursiren erabakia Konstituzionalaren ebazpena saihesteko saiakera bat da, iazko hauteskundeak arautu zituen hauteskunde legea Konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi baitzuen Konstituzionalak".
legearen zina egin arrenSultanen hitzetan, azken finean, Egiptoko auzitegi administratiboei dagokie erabaki hori hartzea, horiek baitute presidentearen ebazpenen eta dekretuen legezkotasuna zehazteko ardura. "Mursiren erabakia administrazio alorrekoa da; beraz, auzitegi administratiboek dute hori baliogabetzeko ahalmena", azaldu du.