Mundua -
Hauteskunde presidentzialak
Mexikoko ezkerrak hauteskundeetako emaitzak baliogabetzea eskatuko du
Botoen % 71,24 zenbatuta, PRIk irabazi ditu hauteskundeak boto-emaileen % 37,1en babesarekin, eta atzetik geratu da Lopez Obrador ezkertiarraren alderdia, botoen % 32,89rekin.
Erredakzioa
Andres Manuel Lopez Obrador Alderdi Aurrerakoiaren (alderdi ezkertiarra) hautagaiak iragarri du Mexikoko presidentea hautatzeko hauteskundeak baliogabetzea eskatuko duela. Enrique Peña Nieto PRIren hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak.
"Bai, baliogabetzea eskatuko dugu", adierazi du Lopez Obradorrek hauteskundeetako emaitzen berri jakin ostean emandako prentsaurrekoan.
Dena dela, boto guztiak zenbatu arte eta behin betiko emaitzak jakin arte, datorren asteazkena arte ziurrenik, ez dutela neurririk hartuko iragarri du. "Aktak eta irregulartasunen testigantzak jasotzen ari gara", gaineratu du.
Milioi bat boto erosita
Horren harira, boto-emaile ezkertiarrei "hauteskundeetako irregulartasunak salatzeko" deia egin die.
Lopez Obradorrek azaldu duenez, herritarren borondatea errespetatzea da bere helburua, "baina horretarako ezinbestekoa da emaitzen gainean zalantzarik ez izatea". "Ezin ditut emaitzak onartu herritarren botoa errespetatu zela benetan jakin arte", azpimarratu du.
"Mexiko estatuan 1.800 milioi peso (107 milioi euro) gastatu zituzten gutxienez milioi bat boto erosteko, eta horren frogak ditugu. Beste estatuetan ere antzeko gauzak gertatu ziren", berretsi du.
Hauteskundeetako emaitzak
Hauteskunde batzordeak botoen % 71,24 zenbatuta jakitera eman zuenez, Peña Nietok irabazi zituen hauteskundeak botoen % 37,1 jasota, eta horren atzetik geratu zen Lopez Obrador botoen % 32,89rekin.