Mundua -
FRANTZIA
Jean-Marie Le Pen buruzagi ultraeskuindar historikoa larri dago Parisko ospitale batean
Fronte Nazionala eskuin muturreko alderdiaren sortzailea, bertatik kanporatu zuten 2015ean, nazien holokaustoa justifikatzeagatik eta etorkinen kontrako izugarrikeriak esateagatik, besteak beste.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Jean-Marie Le Pen 94 urteko buruzagi ultraeskuindar ezaguna larri dago Parisko ospitale batean.
Frantziako Fronte Nazionaleko sortzaile izandakoa atzo arratsaldean ospitaleratu zuten Senako Gainean zegoela gaizki sentitzen hasi eta gero. "Neke handia zeukan, agian bihotzeko zerbait" azaldu dio lagun batek 'Le Point' egunkariari.
2022ko otsailean ere ospitaleratu zuten eraso iskemiko iragankorra jasan eta gero, iktus arin antzekoa. Gainditu ondoren, ez du bestelako ahuldade seinalerik eman eta aurreko astean bertan elkarrizketak ematen ari zen.
Bost aldiz aurkeztu zen Frantziako presidente izateko hauteskundeetara eta emaitzarik onenak 2022an eskuratu zituen, Jaches Chiraceken aurka, azken buruz burukora iritsita. Europako Parlamentuan diputatu izan zen 2019ra arte.
Antikomunista erradikala, kolonianista, migrazioaren aurkako estremista, Gobernu kolaborazionistaren defendatzailea... muturreko profila izan du beti Le Penek. 1997an isuna jarri zioten nazien gas-ganberak "historiaren xehetasun bat" besterik ez zirela izan esateagatik eta hurrengo urtean beste zigor bat arrazen arteko desberdintasuna defendatzeagatik. 2005ean ere zigortu zuten etorkinen aurkako hainbat adierazpen gutxiesle egiteagatik eta 2008an, hiru hilabeteko baldintzapeko espetxealdia eta 10.000 euroko isuna jarri zion Parisko Auzitegi Korrekzionalak gerra krimenen apologia egiteagatik eta gizateriaren aurkako krimen bat ukatzeagatik.
Bere adierazpenak zirela eta, berak 1972an sortu zuen alderditik kanporatu zuten 2015ean. Orduan, Marine Le Pen alabaren kontra jo zuen "sistemaren aurrean makurtzea" leporatuz.
2018an, memoria liburua aurkeztu zuen, 90 urterekin, bere ospe txarraz harrotuz.