Mundua -

Hauteskunde presidentzialak

PRI agintera itzuliko da 12 urte eta gero

Enrique Peña Nietok irabazi ditu hauteskundeak, lehenengo datuen arabera. Agintean zegoen PAN alderdia hirugarren postuan geratu da.

Enrique Peña Nieto PRI alderdiko hautagaiak irabazi ditu Mexikoko hauteskunde presidentzialak. Efe
Enrique Peña Nieto PRI alderdiko hautagaiak irabazi ditu Mexikoko hauteskunde presidentzialak.
Peña Nietok irabazi ditu Mexikoko hauteskundeak

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Peña Nieto PRI alderdiko hautagaiak irabazi ditu Mexikoko hauteskunde presidentzialak, Hauteskunde Institutu Federak (IFE) argitaratu dituen lehenengo datuen arabera.

Erakundeak iragarri duenez, Peña Nietok botoen % 37,93 eta 38,55 artean lortu du, eta Andres Manuel Lopez Obrador Mugimendu Aurrerakoiaren hautagaia izan da bigarren, botoen % 30,9 eta 31,86 artean eskuratuta.

Horien atzetik geratu da agintean zegoen PAN alderdiko hautagaia, Josefina Vazquez Mota, botoen % 25,1 eta 26,03 artean jasota. Laugarren izan da Gabriel Quadri de la Torre Aliantza Berriaren hautagaia (% 2,27-2,57).

Parte-hartzeari dagokionez, IFEk jakinarazi du % 62 ingurukoa izan dela, eta gustura agertu da datu horrekin.

7.500 hauteslekutako emaitzak aintzat hartuta eman dituzte hauteskundeetako lehenengo datuak.

"Berradiskidetze nazionala"

Emaitzen berri izan ostean, Enrique Peña Nieto PRIren hautagaiak berradiskidetze eta batasun nazionala bilatuko dituela eta agintari "modernoa eta arduratsua" izango dela hitz eman du.

Jarraitzaileen aurrean egindako agerraldian azaldu duenez, mexikarren batasuna "nahitaezkoa da". "Berradiskidetze nazionala sustatzeko, gure desberdintasunak baztertzeko eta ezaugarri komunak lehenesteko momentua da", gaineratu du.

Calderonek porrota onartu du

Felipe Calderon Mexikoko presidenteak, bere aldetik, PRIren hautagaia zoriondu du garaipenagatik eta trantsizio ordenatua, gardena eta eraginkorra izateko borondatea erakutsi du.

Era berean, zorte ona opa dio abenduaren 1etik aurrera egongo den Gobernu berriari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea