Mundua -

Epaiketa Oslon

Breivik psikiatriko batera igortzea eskatu du Fiskaltzak

Ostiral honetan bukatuko da epaiketa. Defentsaren txanda izango da, eta akusatuak azken adierazpena egiteko aukera izango du.

Anders Behring Breivik, epaiketa. EFE
Anders Behring Breiviken epaiketa.
Anders Behring Breivik, epaiketa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anders Behring Breivik ultraeskuindarra psikiatriko batera igortzea eskatu du Norvegiako Fiskaltzak. Ez dute uste 2011ko uztailaren 22ko atentatuetako egilea zigor bidez erantzule denik. 77 lagun hil ziren ekintza horietan.

Atentatuak egin zituen unean Breivik egoera psikotikoan ez zegoela erakusten duten ''zantzu argiak'' daude, Fiskaltzaren ustez, baina hainbat txostenek iritzi kontrajarriak plazaratu izanak ''zalantza argia'' sortu du.

Izan ere, Breiviken egoera psikiatrikoaren inguruko lehen txostenak eskizofrenia paranoikoa diagnostikatu zion; bigarrenean, berriz, ez zuten Breivik psikotikotzat jotzen.

Akusatuaren erantzukizun penalaren inguruko zalantza horiek guztiak kontuan hartuta, Fiskaltzak psikiatriko batera igortzea eskatu du, horren ustez ''okerragoa delako psikotiko bati kartzela-zigorra ezartzea, psikotikoa ez den bati tratamendu psikiatriko bat ezartzea baino''.

Hamar asteren ondoren, ostiral honetan bukatutako da, Oslon, Breiviken epaiketa. Defentsaren txanda izango da, eta akusatuak azken adierazpena egiteko aukera izango du.

Epaia uztailaren 20an edo abuztuaren 24an jakinaraziko dute. Breivikek behin baino gehiagotan esan du bera dela ekintza horien erantzule, eta tratamendu psikiatrikoa jasotzera zigortzen badute helegitea jarriko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea