Mundua -

Ukraina

Bat-egitearen negoziazioen data zehazteari uko egin dio EBk, Ukrainak "lehenbailehen" egitea eskatu badu ere

Eskatutako erreformetan aurrera egiteko Ukrainaren "borondate politikoa" goratu du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak, baina udaren osterako espero den Europako Batzordearen txosten ebaluatzailearen zain geratu behar direla nabarmendu du.

Michel (Europako Kontseilua), Zelenski eta Von Der Leyen (Europako Batzordea). Argazkia: EFE
Michel (Europako Kontseilua), Zelenski eta Von Der Leyen (Europako Batzordea). Argazkia: EFE
Michel (Europako Kontseilua), Zelenski eta Von Der Leyen (Europako Batzordea). Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan Kieven egindako goi-bileraren ostean, Ukrainak EBrekin bat-egiteko negoziazioen irekiera-datak zehazteari uko egin dio Europar Batasunak, Vlodomir Zelenski Ukrainako presidenteak "lehenbailehen" egitea eskatu badu ere, prozesua azkartzearren.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin batzartu da Zelenski Ukrainako buruzagia, eta bilera horren ondoren, helburu gisa aipatu du urtea bukatu aurretik EBn sartzeko negoziazioak abiatzea. "Kontseiluaren eta Batzordearen erabakien zain gaude. Asmoa da negoziazioak aurten hastea", azpimarratu du Ukrainako presidenteak.

Kemen horren aurrean, Europar Batasuneko buruzagiek gogoratu dute EBn sartzeko prozesua meritutan oinarritzen dela, eta ez zehaztutako egutegi batean. "Ez dago eperik, bete beharreko helburuak baizik. Herrialde hautagaiak hainbat erreforma abiatu behar ditu bat-egitearen negoziazioak irekitzeko eta EBn sartzea lortzeko", adierazi du Von Der Leyenek prentsaurrekoan.

Bestalde, erreforma europarretan aurrera egiteko Ukrainaren "borondate politikoa" goratu du Michelek, baina udaren osterako espero den Europako Batzordearen txosten ebaluatzailearen zain geratu behar direla nabarmendu du. "Urte amaierarako" aztertu ahalko ditu Europako Kontseiluak, Michelen hitzetan, Ukrainaren bat-egitearen hurrengo urratsak. "Txostena aztertu behar dugu eta ahoz batez erabakiak hartu", adierazi du.

Bruselak eta Kievek adostutako adierazpenean, Ukrainaren integraziorako Europako konpromisoa berretsi dute, baina argi utzi dute Europak erabakiko dituela jarraitu beharreko urratsak, "behin Batzordearen ebazpenean zehaztutako baldintza guztiak beteta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski