Mundua -
Ustezko ustelkeria
Belgikako Poliziak Europako Parlamentuaren egoitza miatu du Bruselan 'Qatargate' auziagatik
Belgikako Ministerio Publikoak baieztatu duenez, guztira 20 miaketa egin dituzte, horietako 19 egoitza partikularretan eta bulegoetan.
Agentziak | EITB Media
Belgikako Poliziak miaketa egin du arratsaldean Europako Parlamentuaren egoitzan, Bruselan, Qatarrekin lotutako ustezko ustelkeria auzia ikertzeko beharrezkoak diren datuak konfiskatzeko.
"Ostiraletik, Europako Parlamentuko segurtasun-zerbitzuen laguntzarekin, Parlamentuko hamar laguntzaileren eduki informatikoak izoztuta zeuden, ikerketarako beharrezko datuak desagertu ez zitezen. Europako Parlamentuan egindako miaketaren helburua datu horiek eskuratzea zen", azaldu du Belgikako Fiskaltza federalak ohar batean.
Fiskaltzaren iragarpena bat etorri da, hain zuzen ere, aste honetan Estrasburgon (Frantzia) bildu den erakundearen osoko bilkura hasierarekin. Joan den ostiralean Belgikako agintari judizialek ustezko ustelkeria auziaren berri eman zuten, nahiz eta ikertzen bost hilabete zeramatzaten.
Belgikako Ministerio Publikoak ohar batean baieztatu duenez, egun horretatik 20 miaketa egin dituzte, horietako 19 egoitza partikularretan eta bulegoetan, eta horiei gehitu behar zaie gaur arratsaldekoa, Europako Parlamentuaren egoitzan.
Horietan, "ehunka mila euro" atzeman dituzte, zehazki, 600.000 euro susmagarrietako baten etxean, "ehunka mila euro Bruselako hotel bateko gela batean" eta "150.000 euro eurodiputatu baten apartamentuan", Fiskaltzak adierazi duenez.
Zentzu horretan, Fiskaltzak datuak eman ez baditu ere, Eva Kaili Europako Parlamentuko presidenteordea, PASOK Greziako alderdi sozialistako kidea, eta Antonio Panzeri eurodiputatu ohia inputatuta daude. Gaur egun, Fight Impunity gobernuz kanpoko erakundea zuzentzen du Panzerik, eta haren emaztea eta alaba ostiralean atxilotu zituzten Italian, auziarekin lotuta.
Belgikako Fiskaltzak baieztatu duenez, asteburuan Belgikako eurodiputatu baten etxea miatu zuten, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearen aurrean. Marc Tarabella eurodiputatu sozialista izango litzateke, Belgikako prentsaren arabera.