Mundua -
rusia-ukraina gerra
Errusiaren inbasioaren ondorioz, 10.000 eta 13.000 militar ukrainar artean hil dira
Errusiak iragarri du ez duela Joe Bidenekin negoziatuko bere tropak Ukrainatik erretiratzeko eskatzen jarraitzen badu.
agentziak | eitb media
Mykhailo Podolyak Ukrainako Presidentetzaren aholkulariaren arabera, "10.000 eta 13.000 artean" dira Errusiaren inbasioaren ondorioz hildako militar ukrainarrak, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak kopuru hori 100.000 inguruan kokatu ostean. Von der Leyenen emandako zifrak okerrak direla ziurtatu du, eta azpimarratu du "zauritutako pertsonen ondorioz baja gehiago" daudela armadan, zifra ofizialik egon ez arren.
Era berean, Podolyakek gaineratu du hildako zibilen kopurua Europako Batzordeko presidenteak aipatutakoa baino askoz ere handiagoa dela: izan ere, 20.000 direla adierazi dute.
Bestalde, Ukrainako Armadaren Estatu Nagusiak ostiral honetan bertan adierazi duenez, 90.000 militar errusiar baino gehiago hil dira inbasioa hasi zenetik; 650, azken orduetan.
Bien bitartean, ostegunean, Biden Putinekin hitz egiteko prest agertu zen inbasioa bertan behera uzteko eztabaidatzeko asmoz, alabaina, ezer baino lehen Moskuk zenbait neurri hartu behar dituela irizten du; hala nola tropak Ukrainako lurraldetik erretiratzea. Errusiak, bere aldetik, uko egin dio Joe Biden AEBko presidentearekin negoziatzeari, elkarrizketa bere tropak Ukrainatik erretiratzera bideratuko duela argudiatuz. Hala baieztatu zuen atzo Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.