Mundua -

Hauteskunde orokorrak

Atzerako kontaketa Brasilen hurrengo presidentea ezagutzeko: Bolsonaro ultraeskuindarra ala Lula progresista

2003 eta 2010 artean presidente izandako Lulak babes kopururik handiena jaso zuen lehenengo itzulian, eta faboritoa da berriro bigarren itzulirako. 150 milioi brasildar baino gehiago boza ematera deituta daude igande honetan inoizko hauteskunde zatituenetan.

Jende-ilarak, hauteslekuen kanpoaldean, Brasilen. Argazkia: EFE
Jende-ilarak, hauteslekuen kanpoaldean, Brasilen. Argazkia: EFE
Jende-ilarak, hauteslekuen kanpoaldean, Brasilen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

156,4 milioi brasildar inguru bozkatzera deituta daude igande honetan hauteskunde orokorren bigarren itzulian. Jair Bolsonaro presidente ultraeskuindarraren eta Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohi progresistaren artean aukeratu beharko dute Brasilgo herritarrek.

Hauteskunde orokorren bigarren itzulian lehiatuko dira Bolsonaro eta Lula, eta Langileen Alderdiaren hautagaia den Lula faboritoa da berriro ere, azken inkesten arabera, 4 eta 7 punturen arteko aldearekin. Brasilgo 5.570 hiritan eta atzerriko 181 udalerritan izango dira hauteslekuak.  

Jair Bolsonaro Brasilgo egungo presidenteak lehen orduan bozkatu du, Rio de Janeiron, eta "garaile" aterako den itxaropena azaldu du hauteslekutik irtendakoan. "Aurreikuspena garaipenarena da, azken egunetan berri onak baino ez ditugu izan. Jainkoa lagun, garaile aterako gaur gara. Hobeto esanda, Brasil aterako da garaile", esan die bertan bildutako kazetariei.

Bolsonaro, hauteslekurako bidean, Rio de Janeiron. Argazkia: EFE

Bestalde, Lula da Silva hautagaiak San Bernardo do Campoko udalerrian bozkatu du, Sao Paulon. "Nire bizitzako egunik garrantzitsuena da gaurkoa", esan du Lulak. "Gaur bizitza-eredua aukeratzen ari da herria. Gose diren pertsonak erreskatatu behar du jendeak", adierazi du, 'Estadao' kazetak jaso duenez. 

Hauteskunde-kanpaina basatia

Brasilgo historian inoiz izandako hauteskunde zatituenak dira. Izan ere, bi hilabete eta erdiz luzatu den eta ankerra izandako hauteskunde-kanpainaren azken momentura arte euren mezua zabaltzen jarraitzeko aprobetxatu dute bi hautesleek.

Lula da Silva, bozketa momentuan. Argazkia: EFE

2003 eta 2010 artean presidente izandako Lulak babes kopururik handiena jaso zuen lehenengo itzulian, izan ere, fronte progresista batu du, zentro eta zentroeskuineko indarrak ere lortuta. Lehenengo itzulian bozen % 48,4 eskuratu zuen (Bolsonarok, berriz, bozen % 43,2), eta lau urteko agintaldia berriro egitea du helburu.

Geroago baliogabetutako ustelkeria kasuengatik 580 egun igaro zituen Lulak espetxean. Ordutik haren ospea handitu da eta horri eutsi dio hauteskunde-kanpaina osoan zehar.

% 20ko abstentzioa

Oraindik zalantzati dauden herritarrak konbentzitzen aritu dira azken asteetan Lula eta Bolsonaro. Brasilen bozkatzea derrigorrezkoa bada ere, abstentzioa % 20koa izan zen. Dena dela, babes berriak irabazteko aukerak txikiak dira, azken inkesten arabera, ez baita boza-asmoetan aldaketa handirik atzeman.

Ipar-ekialdeko eskualdean abantaila handia du Lulak, eta baita herritar txiroenen artean (hautesleriaren ia erdia). Bolsonaro, ordea, nagusi da herritar aberatsen eta ebanjelikoen artean. Azken horiek erakartzen saiatu da Lula, abortuaren aurka zegoela eta familia "sakratua" dela esanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Latinoamerika albisteak Hauteskundeak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa