Mundua -
EBko Enbaxadoreen Konferentzia
Bosnia-Herzegovinari hautagai estatusa ematea proposatu du Europako Batzordeak
Ursula von der Leyenek esan duenez, "beste behin ere aldaketa haizeek jotzen dute Europan", eta gaineratu du "Mendebaldeko Balkanak familiakoak" direla.
Agentziak | EITB Media
Europako Batzordeak Bosnia-Herzegovinari Europar Batasunean sartzeko hautagaiaren estatusa ematea proposatu du. Erabaki hori Europako buruzagiek ekainean egindako enkarguaren ondorio da, baina Bruselak justiziari eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko erreforma garrantzitsuak egiteko baldintza jarri du.
"Bosnia-Herzegovinako hautagai estatusa ematea proposatzen dugu. Georgiaren ikuspegi europarra ere aitortu dugu", aurreratu du Ursula von der Leyen Europar Batasuneko presidenteak EBko Enbaxadoreen Konferentzian.
"Aldaketa-haizeek beste behin jotzen dute Europan, eta bultzada hori aprobetxatu behar dugu", adierazi du. "Mendebaldeko Balkanak familiakoak dira", gaineratu du.
Bosnia-Herzegovinako Gobernuak Twitter sare sozialean adierazi duenez, Europako Kontseiluaren erabakia "historikoa da gure herriarentzat eta herritarrentzat. Mezu indartsua da, lehenago ere espero genuena, gure etorkizuna Europako familiaren barruan dagoela esan nahi baitu".