Mundua -

gertakaria

Ikur naziak zeramatzan ikasle ohi batek 15 pertsona hil ditu Errusiako institutu batean

Gainera, 22 adingabe eta 2 heldu zaurituta daude, Errusiako Ikerketa Batzordeak zehaztu duenez. Erasoaren susmagarria, berriz, hilda topatu dute zentro barruan; antza denez, bere buruaz beste egin ondotik.

Gutxienez 13 pertsona hil dira Uraletako eskola batean izandako tiroketan

0:20

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako institutu batean izandako tiroketa batek gutxienez 15 hildako, tartean 11 adingabe, eragin ditu. Gainera, 22 adingabe eta 2 heldu zaurituta daude. Errusiako Izhevsk hirian gertatu da erasoa, Udmurtia errepublikan (erdialdean).

Antza, arma bat zeraman gizon bat Ural mendien azpian kokatuta dagoen Izhevsk hiriko 88. ikastetxean sartu, eta tiroka hasi da.

Errusiako Ikerketa Batzordeak zehaztu duenez, erasoaren susmagarriak bere buruaz beste egin du. Udmurtiako Barne Ministerioak Telegrameko bere kontuan adierazi duenez, agenteek erasotzailearen gorpua aurkitu dute institutu barruan.

Erasotzailea identifikatu egin dute: Artem Kazantsev, 1988an jaiotako ikasle ohia. Antza denez, beltzez jantzita zegoen, eta ikur naziak zeramatzan, Errusiako hedabideen arabera.

Gertakaria jazo den eskola hiriko administraziotik metro gutxira dago kokatuta, eta mila ikasle inguruk ikasten dute bertan, Errusiako hedabideek aurreratu dutenez.

Alexander Brechalov eskualdeko gobernadoreak "tragediaz" hitz egin du, eta hildakoen artean segurtasuneko guardia bat dagoela baieztatu du, Interfax albiste agentzia errusiarrak jaso duenez. Halaber, tiroketaren ondorioz zentroa hustu dutela azaldu du, eta agintariak inguru horretan lanean ari direla gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Eguneko albisteak Albisteak Umeak azken ordukoa Erailketak