Mundua -
LATINOAMERIKA
Gizon bat Argentinako presidenteordea erailtzen saiatu da
Erasotzailea atxilotu dute. Jatorri brasildarreko gizasemeak pistola bat jarri du Cristina Fernandez de Kirchner presidenteordearen burutik gertu, eta katua sakatu du, baina bost bala zituen arma blokeatu egin da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gizon bat Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteordearen aurka tiro egiten saiatu da. Gertaera goizaldean izan da, Fernandezen etxearen inguruan.
Erasotzaileak pistola bat jarri du Fernandezen burutik gertu, eta antza, katua sakatu du, baina bost bala zituen arma blokeatu egin da. Momentu horretan bertan, autoritateek gizona atxilotu dute. 35 urteko gizon brasildarra da, aurretiaz jada atxilotu zuten, eta aurrekariak ditu legez kanpoko armak edukitzeagatik.
Fernandez, bere aldetik, onik dago bere etxebizitzan.
Argentinako presidenteak, Alberto Fernandezek, gertatutakoa gaitzetsi du, eta ostirala jaiegun ezarri du. Agintariak defendatu du erasoa "gertatu den gertaera larriena" izan dela demokrazia Argentinara itzuli zenetik.
Era berean, herrialdeko Kongresuak bi ganberako batzorde bat iragarri du hilketa saiakera ikertzeko, eta hainbat gizarte, politika eta ikasle erakundek mobilizazioetarako deia egin dute ostiral honetarako.
Abuztuaren 22an, Fiskaltzak 12 urteko espetxealdia eskatu zuen presidenteordearentzat, ustelkeria egotzita, eta momentu horretatik, Fernandezen aldeko eta aurkako protestek Buenos Aireseko kaleak bete dituzte.