Mundua -
Frantzia
Balizko gas mozketetarako prestatzen ari da Frantzia, edonola ere, "ez familientzat", Gobernuaren esanetan
Elisabeth Borne lehen ministroak berretsi du Gazpromek Engieri gasa eten diola, baina "beste hornikuntza-iturriak" badituela honek. Murrizketak edo mozketak ezartzekotan, enpresei eta kontsumitzaile handiei aplikatuko zaizkiela dio, "ez familiei". Hala ere, kontsumoa murrizteko deia egin du.
Agentziak | EITB Media
Frantziako Gobernuak baieztatu duenez, Gazprom Errusiako gas-enpresa erraldoiak, hainbat hilabetetan bere bidalketak nabarmen murriztu ondoren, Engie operadore frantziarrari gas-hornidura erabat etetea erabaki du, kontratu batzuen aplikazioari buruzko desadostasunak direla eta.
Horniduraren mozketa horren aurrean, Frantziako Gobernua gas-horniduraren "murrizketak" edo "mozketak" antolatu behar izateko prestatzen ari da. Halere, Elisabeth Borne lehen ministroaren arabera, murrizketa horiek ez diete kontsumitzaile partikularrei eragingo.
TMC kanalean asteartetik asteazkenerako gauean emandako elkarrizketa batean, lehen ministroak adierazi du "Engiek beste hornikuntza-iturri batzuk" aurkitu dituela eta gasa ez duela Errusiatik soilik inportatzen. Ez dute haatik, mozketak eta murrizketak egin beharra baztertzen. Zehaztu duenez, hori bai, "gasa moztekotan, ez zaie Frantziako familiei moztuko. Enpresak eta kontsumitzaile handiak dira mozketak izan ditzaketenak".
Hori horrela izanda ere, Bornek enpresetan eta etxeetan kontsumoa "borondatez murrizteko" beharra azpimarratu du. Azaldu duenez, hornidura eteteko zeinbait faktore elkartu beharko lirateke: Errusiak gasaren txorrota moztea, gas natural likidotuan (itsasontziz iristen dena) "tentsioak" izatea enkarguak bete ezin izateraino, eta "negua oso hotza izatea".
Emmanuelle Wargon Energia Arautzeko Batzordeko presidenteak asteazken honetan adierazi duenez, ez daude "urduriegi" Gazpromek Frantziaren hornikuntzari buruz hartutako erabakiarekin, baina onartu du, ondorioak "batez ere prezioan" izango dituztela.
LCI kanalari eskainitako elkarrizketa batean, Wargonek gogorarazi zuen iraganean Frantzian kontsumitzen zen % 17 hornitzen zuela Errusiak, baina azken aldian ehuneko hori % 9ra jaitsia dela. Hala ere, gogorarazi du Frantziako egungo gas-erreserbak edukieraren % 91ra iristen direla, eta % 95etik gora igoko direla azaroaren 1a baino lehen eta negua iritsi aurretik.
Erreserba horiek Frantziako urteko gas-kontsumoaren % 25 inguru dira. Wargonek zehaztu zuen Frantziak gas natural likidotua (GNL) inportatzen jarraituko duela itsasontziz, eta horrek kontsumoari erantzuna ematen jarraitzea ahalbidetuko duela.
Elektrizitatearen egoera
Elektrizitatearen kasuan, -gaineratu zuen- egoera desberdina da, Frantziak orain "ohi baino ekoizpen-ahalmen txikiagoa" duelako. Izan ere, zentral nuklear gehienak (56tik 32) geldirik daude, inportazioekiko mendekotasuna areagotuz.
Wargonek azpimarratu zuen beharrezkoa izango dela partikularrek eta enpresek aurrezte-neurriak hartzea, esaterako puntako orduetan, hau da, arratsaldeko azken orduan eta gaueko lehen orduan elektrizitatearen kontsumoa saihestea.
Era berean, aitortu zuen elektrizitate-horniduraren balizko eteteen kasuan, ezin dela bereizketarik egin enpresen eta kontsumitzaile partikularren artean. Ez hori bakarrik, Frantziako Gobernuak aurreikusita du dagoeneko auzo eta sektore jakinetan elektrizitatean bi ordurainokoak izan daitezkeen mozketak egitea.