Mundua -

Ukrainako gerra

Zelenskik NBEren misio nuklearreko adituak hartu ditu, Zaporizhiako zentralera bidean

Ukrainako presidenteak ongietorria eman die Kieven zentrala gainbegiratuko duten adituei. Zentrala Errusiako Armadaren kontrolpean dago, eta borrokak daude inguruan, Ukraina hegoaldean.

Zaporizhiako zentral nuklearra.
Zaporizhiako zentral nuklearra.
Zaporizhiako zentral nuklearra.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren misioa hartu du Kieven. Aste honetan Errusiako Armadaren kontrolpean dagoen Zaporizhiako zentral nuklearra bisitatuko dute agentziako adituek.

Aditu nuklearrei egindako harreran, Zelenskik instalazioa desmilitarizatzea eskatu du berriro, eta inguruan borrokak areagotzeko arriskuaz ohartarazi du. Kievek Errusiaren operazioei egozten dizkie borrokak, baina Moskuren arabera, Ukrainako Armada da zentralaren aurkako erasoen erantzulea, Errusiak plantaren kontrola baitu.

Zelenskik pertsonalki eskerrak eman dizkio Rafael Grossi agentziako zuzendariari, misioarekiko konpromisoagatik. Presidentearen arabera, adituek sarbide osoa izan beharko lukete Zaporizhiaren instalazioetara sartzeko eta balizko mehatxuak baztertzeko, Ukraininformek jakinarazi duenez.

Ukrainak Errusiari leporatu dio zentraletik gertu dauden tokiak bonbardatzea, agentziaren taldearen etorrera oztopatzen saiatzeko, "borroka operazioak simulatuz". "Probokazioak dira. Orain, garrantzitsua da errusiarrei gezurrekin eta xantaiekin nahi dutena lortzeko aukerarik ez ematea", esan du Andriy Yermak Ukrainako bozeramaileak.

Bestalde, Energodarreko (zentrala bertan dago) agintariek ziurtatu dute misioarekin elkarlanean arituko direla, eta jaurtigaien arrastoak emango dizkiotela, bonbardaketen erantzuleak indar ukrainarrak direla frogatzeko, TASS agentziak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski