Mundua -

Independentziaren Eguna

Zelenski: "Sei hilabeteotan mundua, historia eta Ukraina aldatu dira"

Ukrainako Independentziaren Eguna dela eta, eta herrialdean lehen leherketak entzun zirenetik sei hilabete bete direnean, Ukrainako presidenteak bideo bat argitaratu du.

Volodimir Zelenski presidente ukrainarra. Argazkia: Reuters
Volodimir Zelenski presidente ukrainarra. Argazkia: Reuters
Ospakizun jendetsurik gabeko Independentziaren Eguna Ukrainan

1:12

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik sei hilabete igaro diren honetan, "mundua, historia eta Ukrania aldatu dira", ziurtatu du asteazken honetan Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak.

Ukrainiaren Independentziaren Eguna dela eta egindako bideo batean, herrialdeak pairatzen duen inbasioa izan du hizpide agintariak, gaur sei hilabete betetzen baitira. "Duela sei hilabete, Errusiak gerra deklaratu zigun. Otsailaren 24an Ukrainak lehen leherketak eta tiroak entzun zituen", gogoratu du.

"Otsailaren 24an aukerarik ez genuela esan ziguten. Baina abuztuaren 24an esaten dugu: Independentziaren Egun zoriontsua, Ukraina!", gaineratu du Zelenskik.

Politikariaren ustez, "Sei hilabete hauetan historia, mundua eta geure herria aldatu ditugu. Orain badakigu nor dagoen benetan gurekin, eta nor ez", azaldu du bere diskurtsoan.

Adierazi duenez, "mundu guztiak ezagutu gaitu... Eta aurrerantzean inork ez du esango 'Ukraina hor  nonbait dago, Errusiatik gertu", zehaztu du.

"Oraindik ez genuen HIMARS (gaitasun handiko koheteen sistemarik), baina ukrainar batzuk prest zeuden beren eskuekin tankeak geldiarazteko. Ez zeuden prest zerua ixteko, baina bagenituen pertsonak beren jaioterria babesteko prest ", gaineratu du.

Gainera, bere ustez, Ukrainak "kontinente osoa biziberritzea lortu du. Europa kalera atera da. Europak zigor gogorrak ezarri ditu. Europak aho batez onartu du Ukraina Europar Batasuneko kide izango dela", nabarmendu du bere hitzaldian.

Independentzia Eguna da Ukrainan, bai, baina ez da festarik eta ekitaldi jendetsurik egin, Errusiako Armadak eraso egin dezakeelakoan. Are gehiago, gaurko egunez erasoak izan daitezkeela eta, Ukrainatik ihes egiteko gomendatu die, enegarrenez, Gobernuak herritarrei.

Ukrainako "operazio militar berezia" planarekin bat doa, dio Errusiak

Bitartean, Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak adierazi du Ukrainako "operazio militar berezia" planarekin bat doala, eta azaldu egin du Errusiako Armada "lan sistematikoa" ari dela egiten, askatutako lurraldeetan, "bizitza baketsua ezartze aldera".

"Ukrainar unitate militarrak suntsitutako lurreko taktikak ari dira baliatzen, nazioarteko arauak nabarmen urratuta eta terroristak izango balira bezala jokatuz", zehaztu du. Horrez gain, ukrainar soldaduek "giza ezkutu gisa" erabiltzen dituzte herritarrak. Horrela, Shoiguk nabarmendu du Ukrainak uko egin ziola Minskeko akordioak betetzeari, eta, hortaz, "benetako mehatxua" zegoen Donbasseko herritarrentzat: "Operazio militar berezia beharrezkoa zen".

Halaber, Errusiako Defentsa ministroak ziurtatu du nahita erabaki dutela ukrainar lurraldean ekintza gutxiago burutzea: "Hildako zibilak saihestea da helburua".

"Gaur, zigorretako eta Errusiaren aurkako informazioko gerra zorrotza dago. Ukrainako gatazka beste aitzakia bat da. Ameriketako Estatu Batuen eta gaizkideen helburua da Errusia modu estrategikoan agortzea, lehia kentzeko eta atzerri-politika independentea egin nahi duten gainerako Estatuei ohartarazpena botatzeko", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski