Mundua -

Gaza

Israelek eta Jihad Islamiarrak adostutako su etena indarrean da

Gaua lasaia izan da. Egunean zehar, Israel eta Gaza arteko muga postuak zabaltzea espero da, eta, hartara, laguntza humanitarioa eta erregaia iritsiko dira Gazako Zerrendara.

Gaza, gaur goizean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Gaza, gaur goizean.
Nolabaiteko lasaitasuna Gazan, Israelen eta Jihad Islamiarren arteko su-etena indarrean sartu ostean

0:44

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrendan Israelek eta Jihad Islamiar Palestinarrak adostutako su-etena indarrean sartu da bart, hiru eguneko erasoaldi odoltsuak geldiaraziz. Israelgo Armadak, hiru egunotan, 44 palestinar hil ditu, tartean 15 adingabe, eta beste 360 zauritu.

Su etena Gazan 23:30 zirenean (20:30 GMT) sartu da indarrean. Gaua lasaia izan omen da. 

Iazko martxotik izandako borrokaldi gogorrenak izan dira asteburukoak. 

"Gauean zehar, egoera aztertuko dugu, eta eguneroko bizimodua berreskuratzen joango gara pixkanaka, baina erne jarraituko dugu, edozein egoera aldaketarako prest", azaldu du Israelgo Armadak ohar batean.

Bestalde, Gazaren eta Israelen arteko mugako pasabideak zabalduko dituela iragarri du, bai pertsonentzat zein ondasunentzat (helburu humanitarioa badute).

Erregai eskasia Gazako Zerrendan

Pasabideak irekita, laguntza humanitarioa eta erregaia sartu ahalko dituzte Zerrendan. Azken hori ezinbestekoa da eremuan dagoen zentral elektrikoa berrabiatzeko. Hain justu, erregai faltaren ondorioz, etenda egon da zentralaren jarduna, eta Gazako Zerrendako bizilagunak argindar barik egon dira eguneko 20 orduz. Lau ordu bakarrik izan dute hornidura.

Israelgo Armadaren arabera, Palestinako Jihad Islamiarrak 1.200 suziri bota ditu Gazatik. Gehienak geldiarazi ditu Israelek edo jenderik bizi ez den guneetan jausi dira. 

Jihaden 160 helbururi eraso diola aitortu du Israelek, eta, helburu militarrez gain, etxebizitzak eta azpiegitura zibilak hartu ditu jomugan. Ondorioz, 44 pertsona hil ditu, erdia zibilak eta tartean 15 adingabe. 

Zauritutakoen kopuru ofizialik ez badago ere, Gazako Osasun Ministerioak gutxienez 360 pertsona zauritu dituztela jakinarazi du. 

Israelek ostiralean hasi zituen erasoaldiak, "badaezpada". Argudiatu zuenez, Jihad Islamiarraren "berehalako eraso" bati aurrea hartzeko asmoa zuten bonbardaketek. 

Jihad Islamiarraren arabera, su etenaren akordioari esker, Bassem Saadi presoa askatu behar dute aurki. Israelek erabat ukatu du trukea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Egipto Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?