Mundua -
Frantzia
Bizi osorako kartzela-zigorra ezarri diote Salah Abdeslami, 2015ean Parisen izandako erasoengatik
Erasoak aldi berean egin zituzten Bataclan kontzertu-aretoan, Parisko hainbat jatetxetan eta Saint Deniseko estadioan. Guztira, 130 pertsona hil eta beste ehunka zauritu ziren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Parisko Zigor-arloko Auzitegiak errudun jo ditu Parisko atentatu jihadistengatik azken hilabeteetan epaitu dituzten 20 akusatuak. 130 pertsona hil eta beste ehunka zauritu ziren 2015eko azaroaren 13ean izandako erasoetan.
Erasoak aldi berean egin zituzten Bataclan kontzertu-aretoan, Parisko hainbat jatetxetan eta Saint Deniseko estadioan. Bataclanen 90 pertsona hil zituzten.
Akusatu nagusia Salah Abdeslam da eta bizi osorako kartzela-zigorra ezarri diote, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukerarik gabe.
Halaber, Mohammed Abriniri ere biziarteko espetxealdia ezarri diote eta gutxienez 22 urte igaro beharko ditu preso.
Atentatuak burutu zituzten taldekideetatik, Abdeslam bakarrik atera zen onik. Abrini ere joan zen Parisera, baina, azkenean, erasoetan parterik ez hartzea erabaki zuen.
Epaiketan, Abdeslamek adierazi zuen inguruan zituen pertsonei minik ez eragiteko erabaki zuela soinean zeraman lehergailua ez leherraraztea. Alabaina, epaileek ebatzi dute lehergailuak huts egin zuela eta horregatik ez zela eztandarik izan.
"Frogatuta geratu da Salah Abdeslamen partaidetza", azpimarratu du Jean Louis Peries magistratuak epaia jakinarazi duenez.
Gainerako auzipetuei ere kartzela-zigorrak ezarri dizkiete, lau urtetik gorakoak.
Edonola ere, hamar eguneko epea dute epaiaren aurkako helegitea aurkezteko.