Mundua -

Alemania

Alemaniako gobernuak alarma energetikoa bigarren mailara igo du, hornidura bermatuta dagoela ziurtatu arren

Alemaniako Ekonomia ministroak udan, neguari begira, gasaren kontsumoa murriztearen garrantzia azpimarratu du, eta ziurtatu du Gobernua aldez aurretik prestatu dela egoera horretarako, besteak beste, ikatzezko zentral termikoak martxan jarrita.

Alemaniako Ekonomia ministroa, gaur. EFE
Alemaniako Ekonomia ministroa, gaur. EFE
Alemaniako Ekonomia ministroa, gaur. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Gobernuak bigarren fasera igo du martxoan ezarritako krisi energetikoagatiko alarma-maila Errusiak gas-horniduraren gainean egindako mehatxuaren ondorioz. 

Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministroak larrialdi plan nazionalak dituen hiru mailetatik bigarrena aktibatuko duela baieztatu du Errusiak gas fluxuan mozketak egin ondoren. Dena den, oraingoz, hornidura bermatuta dagoela azpimarratu du.

"Gas hornidura bermatuta dago", adierazi du Habeckek, baina ohartarazi du gasa "ondasun urria" dela herrialdean. "Oraindik hala sentitzen ez badugu ere, gas-krisi batean gaude", aitortu du.

Ildo horretan, Alemaniako ministroak azpimarratu du garrantzitsua dela udan gas-kontsumoa murriztea, neguari begira aurreztuta edukitzeko, eta ziurtatu du Gobernua aldez aurretik prestatu dela egoera hori iristen denerako, ikatzezko zentral termikoak martxan jarrita, besteak beste.

"Kontsumitzaile guztiek, industrian, erakunde publikoetan nahiz etxeetan, gasaren kontsumoa ahalik eta gehien murriztu behar dute negua igaro ahal izateko", azaldu du.

Alemaniako energia-larrialdietarako planak hirugarren alerta-maila bat aurreikusten du krisiak larrira egin eta merkatuko parte-hartzaileak egoera beren kabuz maneiatzeko gai ez direnerako. 

Egoera horretan, Estatuak esku hartuko luke merkatuan, Sareen Agentzia Federala "karga federaleko banatzaile" bihurtuz, eta, beraz, operadoreekin koordinatuta, gasaren banaketa zehazteaz arduratuko litzateke. Etxeek, gizarte-enpresek edo ospitaleek kontsumitzaile babestuen estatusa izango lukete, dena den. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Errusia Alemania Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra Energia aurrezteko neurriak gaur Energia kontsumoa