Mundua -

Krisi diplomatikoa

Aljeriak merkataritza operazioak izoztuko dituela ukatu eta Espainiaren gas hornidura bermatu du orain

Aljeriaren eta Espainiaren arteko krisiari EBk emandako erantzuna kritikatu du Aljerrek, aldez aurretik bertako Gobernuarekin hitz egin ez duelako.

Abdelmadjid Tebboune Aljeriako presidentea, Nicolas Maduro Venezuelako homologoarekin. Argazkia: EFE
Abdelmadjid Tebboune Aljeriako presidentea, Nicolas Maduro Venezuelako homologoarekin. Argazkia: EFE
Aljeriak orain dio ez dituela Espainiarekiko merkataritza-harremanak izozten eta gasa bermatzen duela

1:18

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiari gasa entregatzeko konpromisoak beteko dituela ziurtatu du Aljeriak, baina Espainiako enpresek kontratuak bete beharko dituztela erantsi du bertako  Atzerri Ministerioak ohar batean. Era berean, Aljeriaren eta Espainiaren arteko krisiari EBk emandako erantzuna kritikatu du Aljerrek, aldez aurretik bertako Gobernuarekin hitz egin ez duelako.

Magrebeko herrialdearen diplomaziak merkataritza operazioak izoztuko dituenik ukatu du, hori "eskatu eta estigmatizatu dutenen buruan bakarrik dago".

Espainiari babesa agertzeko orduan, Europar Batzordea "presaka" ibili dela salatu du Aljeriak.

"Europako Batzordeak aldez aurretik Aljeriako Gobernuarekin hitz egin edo egiaztatu barik erantzun du, Aljeria-EB Elkartze Akordioari eragiten ez diola ziurtatu gabe", esan du Aljeriak EBn duen enbaxadak ohar batean.

Espainiaren gas hornidurari buruz, "kontratuetako konpromiso guztiak betetzea" enpresei dagokiela errepikatu du Aljeriako misio diplomatikoak.

Aljeriak hartutako erabakia "zuzendu" duelako pozik agertu da Espainiako Gobernua. Exekutiboko iturriek azpimarratu dutenez, "Europar Batasunak Espainiari adierazitako babesak eta emandako erantzunak Aljeria erabakia zuzentzera eraman dute".

Ordu batzuk lehenago, Europako Batzordeak esan du Aljeriak hartutako erabakia, Espainiarekin sinatutako Adiskidantza Ituna bertan behera uztea, "oso kezkagarria" dela. Are gehiago, EB-Aljeria Elkartze akordioa "urratu" dezakeela ohartarazi du.

"EBko Estatu kide baten aurka aplikatutako edozein neurri hertsatzaileri aurre egiteko prest dago Brusela", esan dute Josep Borrell EBko diplomazia buruak eta Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteordeak agiri bateratu batean. "Hala ere, elkarrizketak lehentasuna du eztabaidak konpontzeko", erantsi dute.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak salatu duenez, Aljeriaren "aldebakarreko" erabakiak EB-Aljeria "elkartze akordioa urratzen" du.

EB Aljeriaren merkataritza bazkide nagusia da, eta Afrikako herrialdearen nazioarteko merkataritzan pisu handiena du (2019ean % 46,7). Afrikako herrialdea, ostera, EBko merkataritza bazkideen zerrendan 28. tokian dago, eta merkantzien % 0,7 suposatu zuen 2020an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Europar Batasuna Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala