Mundua -
ameriketako estatu batuak
Texaseko gobernadorea suzko armen alde eta horien kontrolaren aurka agertu da
Greg Abbott gobernadorearen arabera, asteartean Uvalden gertatutakoaren gisako tiroketen aurrean buruko osasuna jorratzean ipini behar da fokua, eta babes neurriak iragarri ditu biktimen senideentzat.
agentziak | eitb media
Ameriketako Estatu Batuetako arma-lobby handienak, Erriflearen Elkarte Nazionalak (NRA, ingelesezko sigletan), bere urteroko biltzarraren ateak ireki ditu ostiral honetan Houstonen, astearte honetako azken sarraskiaren itzalpean.
Aurten, Donald Trump AEBko presidente ohiak (2017-2021) eta Greg Abbott Texaseko gobernadoreak ireki dute ekitaldia, bi pandemia urteren ostean lehenbizikoz.
Abbott suzko armen alde agertu da, eta "okerrekotzat" jo du erosleen aurrekari penaletan oinarritutako kontrolaren areagotzea, asteartean estatuko ikastetxe batean gertatutako sarraskiaren ostean.
Gobernadore errepublikanoaren arabera, "baliteke" iritzi publikoa "okerreko" gaian zentratuta egotea, aurrekarien egiaztapenean, alegia. Izan ere, haren arabera, ez dira adierazgarriak izan iraganean tiroketak saihesteko garaian.
"Buruko osasunarekin kontrajarrita, arreta aurrekariak egiaztatzean ipini beharko genukeela iradokitzen duen edonori iradokitzen diot oker dagoela", adierazi du Abbottek, eta gaineratu du buruko arazoak jorratzean ipini behar dela fokua.
Era berean, gobernadoreak Uvaldeko tiroketan hildako 21 pertsonen senideak lagundu eta babesteko neurriak iragarri ditu.
"Texaseko estatuak baliabide sendoak ditu krimenak hondatutako familiak hauek, baita komunitate osoak ere, euren behar guztietan laguntza jasoko dutela bermatzeko", adierazi du.
Gaineratu duenez, emaile anonimo batek 175.000 dolarreko dohaintza egin du, "kaltetutako familien zerbitzu funerarioetarako kostu guztiak gain hartzeko". Gainera, buruko osasun arreta eskainiko dela iragarri du; "ikasleentzat, irakasleentzat, polizia-agenteentzat eta hala behar duen komunitateko pertsona ororentzat".
Bestalde, Trump presidente ohiak estatubatuar ikastetxeen "erabateko berrikuspena" eskatu du bere mintzaldian. Era berean, "aldaketa drastikoa" abiarazteko deia egin du, Uvalden gertatutakoaren ondoren AEBk buruko osasuna jorratu dezan.