Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainan laster Garaipenaren bi egun izango direla esan du Zelenskik
Ukrainako presidenteak uste du Errusiaren aurkako garaipena laster iritsiko dela. "Gure askatasunaren alde borrokatzen ari gara" eta "garaitu egingo dugu", esan du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak astelehen honetan adierazi duenez, "laster Garaipenaren bi egun izango dira Ukrainan", Alemania naziaren aurka II. Mundu Gerran lortutako garaipenari erreferentzia eginez, alde batetik, eta egungo gatazkan lortu nahi duen garaipena nabarmenduz, bestetik.
"Ero batek" bakarrik errepikatu nahiko luke II. Mundu Gerran gertatutakoa, eta "garai hartan izandako krimenak errepikatzen dituen edonor nazien filosofia imitatzen ari da", salatu du Zelenskik bere webgunean, Garaipenaren Egunaren 77. urteurrena dela eta argitaratutako bideo batean.
Urteurren horrekin bat eginez, Errusiak Ukrainaren aurka egindako inbasioa geldiarazteko "garaipen berri baten alde borrokan" ari direla azpimarratu du, eta onartu du bidea zaila izaten ari bada ere, garaipena iritsiko dela.
Ukrainako presidentearen hitzetan, herrialdeak gerra ezberdinak bizi izan ditu, baina aurkari batek ere ez du Ukrainan geratzea lortu, eta orain "gure askatasunaren alde, gure seme-alaben askatasunaren alde" borrokan ari gara eta "garaipena lortuko dugu", adierazi du.