Mundua -
ukrainako gerra
Ukrainaren arabera, zibil guztiak ebakuatu dituzte jada Azovstaletik, Mariupolen
Azovstaleko lantegitik 50 emakume, haur eta adineko ateratzea lortu ondoren, ukrainar autoritateek baietsi dute "Mariupoleko operazio humanitarioaren parte hau" burutu dutela.
agentziak | eitb media
Azovstaleko altzairutegian, Mariupolen, zeuden zibil guztiak ebakuatu dituzte jada, Iryna Vereshchuk Ukrainako lehen ministro ordeak larunbat honetan iragarri duenez.
"Gaur Azovstaletik 50 emakume, haur eta adineko ateratzea lortu dugu. Bihar, goizean goiz, berrekingo diogu ebakuazio operazioari", esan du Vereshchukek Telegram bidez.
Ukrainako lehen ministro ordeak zehaztu duenez, ebakuazio zaila izan da, indar errusiarrek su-etenari egiten zizkioten "etengabeko bortxaketak" medio. Azken horiek ukrainar tropen aurka borrokan jarraitzen dute, altzairutegian.
Errefuxiatuak altzairutegitik ebakuatzeko karabana "egun osoan Azovstaletik hurbil gelditzera behartuta egon da", izan ere, "borrokaldiak eta bestelako probokazioak izan dira. Etsaiak etengabe bortxatzen zuen su-etena".
Ebakuatutako pertsonek Zaporiyia izango dute helmuga. Bertan bildu dituzte autoritate ukrainarrek altzairutegitik ebakuatutako zibil gehienak.
"Presidentearen agindua bete da: emakume, haur eta adineko guztiak ebakuatu dira Azovstaletik. Mariupoleko operazio humanitarioaren parte hau burututa dago", ondorioztatu du Vereshchukek.