Mundua -
ukrainako gerra
NBEko Segurtasun Kontseiluak Guterresen bisitan zehar Kieven izandako erasoa izango du hizpide datorren astean
Ostegun honetan, bi misilek jo zuten Kiev, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia hirian zela, Volodimir Zelenski ukrainar presidentearekin elkartzeko.
agentziak | eitb media
NBEko Segurtasun Kontseiluak Kieven ostegun honetan hautemandako misil bidezko erasoak eztabaidatuko ditu datorren astean, erakundetik aurreratu dutenez. António Guterres erakundeko idazkari nagusia hirian bisitan zela gertatu ziren erasoak.
"Idazkari nagusiak Kievera egindako bisitan zehar misilekin erasoak izan ziren hirian, eta kezkagarria da hori", nabarmendu du Barbara Woodward enbaxadore britainiarrak, apiriletik Segurtasun Kontseiluko buru ere badenak.
Woodwardek aurreratu duenez, Nazio Batuen erabaki organo gorenak gaia jorratuko du datorren astean Ukrainari buruzko bilera batean, Estatu Batuen presidentetza pean.
Diplomazialariak azaldu du bere ordezkaritza NBEko Idazkaritza Nagusiarekin harremanetan egon dela, eta Guterres eta haren taldea ondo daudela, baina biktima zibilei buruzko informazioa iritsi zaiela.
Ostegun honetan, bi misilek jo zuten Kiev, hain zuzen Guterres hirian zela, Volodimir Zelenski ukrainar presidentearekin biltzeko. Hala jakinarazi zuten tokiko autoritateek, erasoa indar errusiarrei egotzi zietelarik.
"Gaur gauean, etsaiak Kieven aurka tiro egin du. Bi kolpe izan dira, Shevchenkivski barrutian. Larrialdietako zerbitzu guztiak bertan dira. Biktima posibleen inguruko informazioa argitzen ari dira", idatzi zuen Vitali Klitchkó alkateak, bere Telegram kanalean.
Mijailo Podoliak Zelenskiren aholkulariak ere eman zuen erasoaren berri, eta azpimarratu zuen bonbardaketa Guterresen bisitaldian zehar izan zela.
"Aurreko egunean mahai luze batean zegoen eserita, Kremlinean, eta gaur leherketak ditu buru gainean. Moskuren postala? Gogorarazi behar al da Errusiak zergatik duen oraindik eserleku bat Segurtasun Kontseiluan?", idatzi zuen Twitterren.