Mundua -

GASA

Aljeriak gas hornidura etetearekin mehatxu egin dio Espainiari, baldin eta zati bat Marokora bideratzen badu

Espainiako Gobernuak energia alorrean Marokori laguntza emango diola iragarri ostean iritsi da Aljeriaren ohartarazpena. Hala ere, Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak azpimarratu du Marokok jasoko duen gasak ez duela jatorri aljeriarra.

Gasbide bat (artxiboko irudia). EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Gasbide bat (artxiboko irudia)
Gasbide bat (artxiboko irudia). EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aljeriako Gobernuak Espainiakoari ohartarazi dio gas hornidura etengo diola baldin eta handik jasotzen duen energiaren zati bat beste herrialderen batera (Maroko) bideratzen badu. Espainiak energia alorrean Marokori laguntza emango diola iragarri ostean iritsi da Aljeriaren ohartarazpena.

Ohar batean, Mohamed Arkab Energia ministroak argi utzi du Aljeriak Espainiari bidaltzen dion gasak kontratuak aurreikusten ez duen beste helmugaren bat badu, horrek kontratuan hartutako konpromisoak ez betetzea ekarriko lukeela eta, kasu horretan, hornidura etetea erabaki dezakeela.

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak jakinarazi duenez, Espainiak Magreb eta Europaren arteko gasbidea (GME) zabalduko du eta horren berri eman dio Aljeriari. Aipaturiko gasbideak Aljeriako gasa Espainiara eramaten zuen, Marokoko lurretatik, Saharako auziaren harira Aljeriak itxi zuen arte.

Dena dela, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak azpimarratu du Marokok jasoko duen gasak ez duela jatorri aljeriarra izango. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Egungo berriak Espainia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Rabat gaur Krisi energetikoa