Mundua -
Partygate
Erresuma Batuko Parlamentuak Boris Johnson Downing Streeteko festengatik ikertzea onartu du
Ikerketa bozketarik egin gabe onartu dute; izan ere, Komunen Ganberako presidenteak ozen galdetu du inor kontra ote zegoen, eta inork ez du aurkako jarrerarik azaldu.
Agentziak | EiTB Media
Bere bulegoetan egindako festek legea urratzen zutenik ez zekiela azaldu zuenean, Boris Johnson lehen ministroak Parlamentuari gezurra esan ote zion argitzeko ikerketa abian jartzea onartu du Erresuma Batuko Komunen Ganberak.
Ikerketa Ganberako Pribilegio batzordeak aurrera eramango du. Bozketarik egin gabe onartu dute; izan ere, Komunen Ganberako presidenteak ozen galdetu du inor kontra ote zegoen, eta inork ez du aurkako jarrerarik azaldu.
Ikerketa atzeratzeko asmoa azken unean aldatzea erabaki du gaur Gobernuak, diputatu kontserbadore asko aurka zeudela baieztatu ondoren, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Alderdi Laboristak asteartean aurkeztu zuen mozioa. Poliziaren eta Sue Gray funtzionarioaren ikerketak amaitu arte bozketa atzeratzeko saiakera babesteko eskatu zien Gobernuak diputatu kontserbadoreei.
Hala ere, azken orduan jarrera aldatu eta mozio laborista nahi bezala bozkatzeko aukera eman diete parlamentari kontserbadoreei.
Sky News telebistak azpimarratu duenez, diputatu toryak ez zeuden lehen ministroaren jarrera ikertzeko gehiago itxaroteko prest, Westminsterreko zurrumurruen arabera. Johnson Indian harrapatu du Ganberaren erabakiak. Hala ere, batzordearen ikerketa ez da hasiko Scotland Yardena amaitu arte.
Pribilegio batzordea zazpi diputatuk osatzen dute. Egun lau kontserbadore, bi laborista eta SNPko (Eskoziako alderdi abertzalea) ordezkari bat dira kideak.
Chris Bryant oposizioko parlamentariak zuzentzen du. Ikerketa bukatu ostean, batzordeak txosten bat prestatu beharko du, eta ondoren Komunen Ganberari igorriko dio. Ondorioak eta gomendioak Parlamentuan bozkatu beharko dituzte berriro.