Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiak erasoak egin ditu berriro Kiev eskualdean
Instalazio militar bati eraso egin diola jakinarazi du Errusiako Defentsa Ministerioak eta Kieven aurkako erasoak gogortuko dituela ere iragarri du. Ukrainako gerra hasi zenetik 4,7 milioi pertsona baino gehiago irten dira herrialdetik, NBEren azken balantzearen arabera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 51 egun betetzen diren honetan, atzera berriro ere eztanda gogorrak entzun ahal izan dira Kiev hiriburuan. Itxura guztien arabera, tropa errusiarrak Kiev ingurutik erretiratu eta herrialdearen hego-ekialdera mugitu zirenetik izandako gogorrenak izan dira.
Errusiako Armadak iragarri duenez, Kieveko instalazio militar bati eraso egin dio kalibre izeneko misilekin. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, eraso horren ondorioz makineria eraikitzeko planta bat, irismen luze eta ertaineko misilak suntsitzeko sistemak ekoizteko eta konpontzeko tailerrak suntsitu dituzte.
Atzo, Briansk eskualdeko Klimovo herriko etxebizitza eraikin baten aurka gutxienez sei aire-eraso egin eta gutxienez zortzi pertsona larri zauritu izana leporatu dio Errusiak Ukrainari. Horren ondotik etorri da Errusiaren erasoa.
Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak Kieven aurkako erasoak handitu eta gogortuko dituela iragarri du.
Bere eguneroko hitzaldian, bart Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eskerrak eman dizkio Ukrainako herriari Errusiaren aurkako erresistentziagatik. "Jainkoari, Ukrainako indar armatuei eta gure herriari eskerrak gure herrialdearen zati handiena defendatu dugu", adierazi du.
Zelenskik ondo gogoan du Errusiak Ukraina inbaditu zueneko eguna "inor ez baitzegoen ziur" bera eta bere herrialdea bizirik irauteko gai izango ote ziren ala ez, eta aitortu du buruzagi politiko askok herrialdetik ateratzeko aholkatu ziotela.
Ukrainako presidentearen hitzetan, ukrainarren ausardia eta askatasun nahia funtsezkoak izan dira. Bide batez, Errusiari ohartarazi dio "Ukrainan egin duen guztiaren erantzule izango dela".
Errusiak otsailaren 24an Ukraina inbaditu zuenetik 4,7 milioi pertsona baino gehiago irten dira herrialdetik, Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundeko Agentziak egindako azken balantzearen arabera.
Bestalde, Kieven bizi eta gerragatik ihes egin zuten pertsona asko eta asko itzultzen ari dira. Horren aurrean, ez itzultzeko eskatu die Kieveko alkateak herritarrei, hiria alerta egoeran dagoela eta ez dela erabat segurua argudiatuta.