Mundua -

Ukrainako Gerra

Errusiaren 'Moskva' ontzia portura eramaten ari zirenean hondoratu da

Itsaso Beltzeko flotaren ontzi intsignian eztanda bat eta sute bat izan dira, Ukrainaren esanetan, bere misil baten jaurtiketaren ondorioz. Tripulazioa ebakuatuta zegoen.

'Moskva' gurutze-ontzi misilistikoa. Bideo batetik ateratako artxiboko irudia: Reuters.
'Moskva' gurutze-ontzi misilistikoa. Bideo batetik ateratako artxiboko irudia: Reuters.
'Moskva' gurutze-ontzi misilistikoa. Bideo batetik ateratako artxiboko irudia: Reuters.

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiaren Itsaso Beltzeko flotaren 'Moskva' ontzi intsignia urperatu da portura eramaten ari zirenean, ekaitzaren erdian, Errusiako Defentsa ministerioak esan duenez.

Gurutze-ontzi misilistikoan eztanda bat eta sute bat izan dira, Errusiak onartu duenez. Ukrainaren arabera, bere misil baten jaurtiketaren ondorioz izan dira.

Lehenago, Errusiako Defentsa ministerioak jakitera eman du piztutako sua itzali zutela eta misilen kargamentu "nagusiak" ez duela kalterik jasan.

Errusiako Defentsa Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, munizio-leherketa geldiaraztea ere lortu dute. Tripulazioa ebakuatu dute eta asmoa da gaur egunean zehar atoian eramatea ontzia. 

Ukrainako indar armatuek 'Moskva' ontzi errusiarra jo izana aldarrikatu dute, Itsaso Beltzean aritzen den gurutze-ontzi misilistikoa.

Ukrainako iturri militarrek diote 'Neptune' misilekin eraso diotela ontziari, eta kalte handiak eragin dizkiotela. Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, gerraontziak "kalte larriak" jasan ditu, baina ontzian zeuden 510 pertsonak garaiz ebakuatu ahal izan dituzte.

Errusiako TASS agentziaren arabera, Defentsa Ministerioak dio misilen talkaren ondoren "sute handia" piztu dela eta munizioaren zati bat leherrarazi duela horrek.

Errusiako agintariek ez dute argitu ontzia non dagoen, ezta daraman munizio mota ere, eta ikerketa hasi dute sutearen jatorria argitzeko, Kommersant egunkari errusiarrak jakitera eman duenez.

'Moskva' Errusiako flotaren Itsaso Beltzeko ontzi intsignia da. 1983an jarri zen martxan 'Gloria' izenarekin. 1996an, gurutze-ontziak bere egungo izena jaso zuen. Ontziaren eraso armamentu nagusia 16 misil jaurtitzaile P-1000 Vulkan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra