Mundua -
Ukrainako gerra
Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburua, Butxan: "Ukraina krimen baten agertokia da"
Karim Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburua Butxan izan da eta azpimarratu du Ukrainan gizateriaren aurkako krimenak izan direla pentsatzeko "oinarrizko arrazoiak" daudela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Karim Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburua Iryna Venediktova Ukrainako fiskal nagusiarekin bildu da eta Butxa hiria bisitatu du. "Ukraina krimen baten agertokia da", adierazi du.
"Hona etorri gara uste dugulako oinarrizko arrazoiak daudela pentsatzeko Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikertu beharreko krimenak egin direla Ukrainan. Gerrak eragindako lainoa gainditu behar dugu egia jakiteko", esan du Khanek Zigor Auzitegiaren Twitter kontuan idatzitako mezu batean. Mezuarekin batera, Butxan egindako zenbait argazki erantsi dituzte.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak azaldu duenez, Ukrainako fiskal nagusiarekin adostu dute bi erakundeen arteko "aliantzan gehiago sakontzea", herrialde horretan izan diren krimenak argitara atera ahal izateko.
Nazioarteko Fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen martxoaren 2an eta frogak bilatzen ari da harrezkero.
Ukrainako agintarien arabera, tropa errusiarrek 400 zibil baino gehiago hil zituzten Butxan. Hilotzak eraikinetako sotoetan, etxebizitzetan, hobi komunetan nahiz kalean botata topatu dituzte.
Bestalde, Ukrainako inteligentzia zerbitzuak salatu du Errusiako Armadak frogak suntsitzen ari dela, gizateriaren kontra krimenak egin dituztela ezkutatzeko, eta horretarako erraustegi mugikorrak erabiltzen dituztela ohartarazi dute.