Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Zelenskik Medvedtxuk entregatzea proposatu du Errusiak gatibu dituen haurren truke, baina Moskuk baztertu du
Viktor Medvedtxukek otsailaren 24an ihes egin zuen. Zelenskik atxilotuaren argazkia erakutsi du sare sozialetan, Ukrainako Armadaren arropa militarra jantzita. Moskurekin "ezkutuko harremanik" ez duela adierazi du Kremlinak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 49 egun betetzen diren honetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eskaintza egin dio Errusiari. Zehazki, Vladimir Putinen ustezko aliatua eta Ukrainako oposizioaren burua den Viktor Medvedtxuk entregatzeko prest agertu da, Errusiak bahituta dituen haur ukrainarren truke.
Zelenskik Telegrameko kanalaren bitartez iragarri du atxiloketa. Horrekin batera, Medvedtxuken argazkia igo du, eskuburdinak eta Ukrainako Armadaren arropa militarra jantzita.
Medvedtxuk etxean atxilotuta zegoen epailearen aginduz, baina Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuen egunean, otsailaren 24an, ihes egin zuen.
67 urteko politikari eta enpresariari traizio egitea leporatzen diote estatu-sekretuak argitara emateagatik, Errusiarentzat lan egiteagatik eta Putinekin "lotura sendoak" izateagatik.
Moskuk trukea baztertu du
Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak balizko trukea baztertu du. Medvedtxuk "ez da Errusiako herritarra", eta "operazio militar bereziarekin ez du zerikusirik", adierazi duenez. "Atzerriko figura politiko bat da", erantsi du.
Horrela, Moskurekin "ezkutuko harremanik" ez duela adierazi du Kremlinak. Peskovek azpimarratu duenez, harremanak izango balitu, politikari ukrainarrak jaioterria inbasioaren hasieran "utziko zukeen". "Ikusi dugun bezala, ez zuen egin", gaineratu du.
Hala ere, politikari ukrainarraren "etorkizuna" gertutik jarraituko duela bermatu du Moskuk. Zentzu horretan, "adierazpen askatasunaz hainbeste kezkatzen diren Europako politikariei arrazoi politikoengatik pertsona bat jazarri ezin daitekeela" gogorarazteko eskatu die.
Peskoven ahotan, "egoera berdina da, eta hemen Kieveko erregimenaren ordezkariak pertsona bat iritzi politikoengatik jazartzen ari dira, eragoztea egokia litzateke".
Bestalde, Dontesk eta Luhansk herri errepubliken agintariak politikari ukrainarrarekin "oso eskertuak" daudela nabarmendu du, "bakearen alde egin duelako". Aldi berean, Ukrainako agintariek haren jarrera izan balute, ez zen gatazkarik izango, ziurtatu duenez.
Peskoven esanetan, "Medvedtxukek Ukrainaren eta Errusiaren arteko harreman normalak eraiki nahi ditu".