Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako ikatzari enbargoa ezartzea proposatu du Bruselak, bosgarren zigor sortaren baitan
Butxako sarraskiak bosgarren zigor sorta bati ateak ireki dizkio Errusiak Ukrainan egindako inbasio militarrari erantzuteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak Errusiatik Europar Batasunera egindako ikatz-inportazioei enbargoa ezartzea proposatu du astearte honetan, Ukrainaren inbasio militarrari erantzuteko bosgarren zigor sortaren baitan; izan ere, tropa errusiarrek Kiev inguruan egindako azken erosoek, Butxako sarraskia kasu, urgentziazko zigor berriei ateak ireki dizkiote.
Hala baieztatu du Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteorde ekonomikoak, EBko Ekonomia eta Finantza ministroen (Ecofin) bileraren osteko prentsaurrekoan. Bertan, Hogeitazapiek neurri ekonomiko berriak aztertu dituzte, Errusiako tropek Kievetik gertu dauden hirietan egindako erasoei blokean erantzuteko."Ez gara soilik energiaz ari, baita zigor energetikoak ere, tartean ikatza", azaldu du.
Prentsaurreko berean, Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak azaldu du estatu kideek Kremlinen aurkako Europako zigorretan energia-sektorea sartzeko borondatea dutela, nahiz eta ez duen zehaztu zein izango den egutegia.
Dombrovskisek ere ez du pakete berriari buruzko xehetasun gehiago eman, bere hitzetan, oraindik "amaitzen" ari direlako, baina Bruselaren asmoa Kremlinarem aurka gogor jarraitzea da. Hori dela eta, Europako herrialdeei munduko beste kide batzuekin koordinatzeko eskatu die, dagoeneko onartutako neurriak betetzen direla bermatzeko.
Nolanahi ere, Letoniako lehen ministro ohiak azpimarratu du Errusiak 2021ean Europar Batasunera (EB) egindako esportazioen % 62 hidrokarburoak izan direla, eta, beraz, "hor ikusi behar" dela blokeak Errusiako ekonomiari "min" egin nahi dion ala ez.