Mundua -

Larrialdi klimatikoa

Lurraren berotzea ekiditeko, CO2aren isuria nabarmen murriztea premiazkoa dela adierazi du NBEk

NBEko adituek ohartarazi du egoera "kritikoa" dela eta ezinbestekoa dela isurtzeak % 43an gutxitzea 2030erako. Halaber, azpimarratu dute azken hamarkadan inoiz baino C02 gehiago isuri dela munduan.

Lantegi bat CO2a isurtzen. Artxiboko argazkia: EFE
Lantegi bat CO2a isurtzen. Artxiboko argazkia: EFE
Lantegi bat CO2a isurtzen. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du, ingurumenari lotutako neurri zorrotzagoak premiaz hartu ezean, berotegi-efektua eragiten duten gasen isuriak gorako joerari eutsiko diola 2025etik aurrera eta, ondorioz, Lurraren batez besteko tenperatura 3,2 gradu igoko dela 2100. urterako, helburua 1,5 gradutik ez pasatzea denean.

Klima-aldaketari buruzko NBEko adituen lantaldeak egindako ikerketa berriaren arabera, munduan gasen isuriak % 43 murriztu beharko lirateke 2030erako, 2019ko datuekin alderatuta, eta % 84 2050erako. Horrela soilik izango litzateke posible tenperatura globalak 1,5 graduko muga ez gainditzea.  

Horrez gain, dokumentuan aipatzen dute iaz Glasgowen egindako Klima-aldaketari buruzko Goi-bileran hartutako konpromiso guztiak beteta ere, mendea amaitu orduko tenperatura 2,8 gradu igoko litzatekeela.   

Karbono-neutraltasuna posible dela esaten dute, baina horretarako gas isuriak erdira murriztea ezinbestekoa dela gogoratzen dute.

Gauzak horrela, ikatzaren erabilera % 95ean murriztea gomendatzen dute; petrolioarena % 60an; eta gasarena % 45ean.

Inoiz baino isuri gehiago azken hamarkadan

Hala ere, adituek onartzen dute, premiazko neurri guztiak orain hartuta ere, helburuak ez liratekeela 2050a baina lehen lortuko.

Ildo horretan, ohartarazi du herrialdeak kontrako noranzkoan doazela eta 2010-2019ko hamarkadan inoiz baino CO2 gehiago isuri dela.

2019an, adibidez, 59 gigatona karbono dioxido isuri ziren munduan, 2010ean baino % 12 gehiago.

Hoesung Lee klima-aldaketari buruzko adituen batzordeko presidenteak adierazi du egoera "kritikoa" dela eta "bidegurutze batean" aurkitzen garela.

"Orain hartzen ditugun erabakiekin, bizitzeko moduko etorkizun bat izan dezakegu. Lurraren berotzea ekiditeko tresnak eta ezagutza baditugu", berretsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Ingurumena Larrialdi klimatikoa Gas naturala