Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainara armak bidaltzeko beste 500 milioi euro erabiltzea proposatu die Borrellek EBko buruzagiei
Bestalde, Ukrainak Estatuaren aurrekontua murriztu du Defentsara 1.500 milioi euro bideratzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak Ukrainari laguntza militarra beste 500 milioi eurorekin bikoiztea proposatuko die hogeita zazpi herrialdeetako buruzagiei, Europako Bake Mekanismoaren bidez.
"Beste 500 milioi gehiago emango dizkiogu Ukrainari laguntza militarra emateko", esan du EBko diplomaziaren buruak Versaillesen (Frantzia) egiten ari diren estatuburu eta gobernuburuen goi-bilera informalaren bigarren egunera iritsi denean.
Orain liderrek eman beharko diote onespen formala proposamen horri Europako Bake Mekanismoaren estaldura zabaltzeko.
Bestalde, Ukrainako Ministroen Kontseiluak ostiral honetan erabaki du Estatuaren aurrekontua muriztea, eta Defentsako aurrekontura 50.000 milioi grivna (1.500 milioi euro inguru) bideratzea.
Ukrinform albiste-agentziak jakitera eman duenez, Gobernuak defentsa arloan herrialdeak dituen beharrei aurre egin nahi die, Errusiaren inbasioaren aurrean.
Gobernuak argitaratutako dekretu baten bidez, agintariek berretsi egin dute erabakia. Dekretu horren arabera, Parlamentura bideratutako aurrekontua nabarmen murriztu da, 295 milioi grivna inguru (bederatzi milioi euro inguru).
Era berean, hainbat ministerio-programatara bideratutako funtsak murriztu egin dituzte. Ukrainaren inbasio errusiarra joan den otsailaren 24an hasi zen. Errusiako tropek Kiev, Txernigov, Mariupol, Kharkov, Jerson eta Yitomir eremuak bonbardatu dituzte, besteak beste.