Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Zibilak ateratzeko sei korridore humanitario zabaldu ditu Ukrainak
09:00etatik 21:00etara egongo da zabalik (10:00etatik 22:00etara Euskal Herrian).
AGENTZIAK | EITB Media
Ukrainak sei korridore humanitario zabaldu ditu asteazken honetan, zibilak arrisku tokietatik atera daitzen, Errusiako Gobernuarekin aldi baterako su-etena adostu ostean.
09:00etatik 21:00etara egongo dira irekita (10:00etatik 22:00etara Euskal Herrian), Ukrinform albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera.
"06:30ean mezu bat bidali digu Errusiako Federazioak guk aurretik proposatutako ibilbideak onartzen zituela esanez", adierazi dute Ukrainako Gobernuko ordezkariek korridoreen kopurua eta kokapena zehaztu baino lehen.
Halaber, nabarmendu dute ordu horietan militarrek debekatuta dutela erasoak egitea.
Hain zuzen ere, Energodar eta Zaporiyia artean, Sumyn (Poltavarako noranzkoan), Mariupol eta Zaporiye artean, Volnovaja eta Pokrovsk lotzen dituen bidean eta Pasas eta Lozova arteko tartean eten beharko dituzte erasoak. Seigarren pasabidea Kieven ezarri dute.
Hartara, espero dute Errusiako Federazioak hitz emandakoa betetzea, eta "erasoek eragindako suteetatik babesteko" ezkutatuta dauden pertsonei arrisku lekuetatik irteteko aukera ematea.
Bestalde, Ukrinformen arabera, 55 ume dituen umezurtz-etxe bat dago Vorzelen. "Jendez hustu behar dute umezurztegia. Errusiako Indar Armatuei eskatu diegu esandakoa bete, eta su-etena errespeta dezatela", berretsi du.
Horren harira, Ukrainak behin eta berriro salatu du pasabideak ez direla seguruak, Errusiak ez dituelako erasoak eten.